R. M. Azkue Literatura sariak banatu dituzte Euskaltzaindiak eta BBK-k

R.M. Azkue Literatura sariak banatu dituzte Euskaltzaindiak eta BBK-k
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 24 mayo 2024 13:01

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Resurreccion Maria Azkue Literatura sariak banatu dira ostiral honetan Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon, eta, epaimahaikideekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Enrique Davila BBK Fundazioaren ordezkariak parte hartu dute ekitaldian. Guztira 374 lan aurkeztu dira aldi honetan, eta epaimahaikideek idatzien originaltasuna nabarmendu dute, besteak beste.

Akademiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzten sariek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi, eta bi genero saritzen dituzte: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat), eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).

Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. Horrela, A mailan, Igone Etxebarria, Jabier Kaltzakorta eta Manu Lopez Gaseni izan dira epaimahaikide, eta B mailan, Amaia Jauregizar, Castillo Suárez eta Patxi Zubizarreta.

Epaileen iritziz, maila handiko lanak aurkeztu dira 2023an, eta azpimarratu dute saritutako idatzietan gai originalak jorratzen dituztela gazteek, gogoeta sakonak eta interesgarriak proposatuz. Gainera, aitortu dute testu "landuak" eta "erritmo bizikoak" irakurri dituztela.

Bestalde, Andres Urrutiak irabazleak zoriondu ditu agerraldian, eta euskarazko literaturaren mesedetan jarduteko eskatu die: "Zuek zarete euskal literaturaren etorkizuna, eta, ondorioz, euskararena berarena ere bai. Eutsi zuen hizkuntzari eta eutsi sormenari".

Contador