Bermeoko Udalak Gaztelugatxeren kudeaketarako lankidetza indartzea eskatu dio Bizkaiko Aldundiari

Bizkaiko Aldundiko eta Bermeoko Udaleko arduradunak
BERMEOKO UDALA
Actualizado: jueves, 23 mayo 2024 10:47

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea Arantza Atutxa Lejarreta Bizkaiko Aldundiko Ingurumen eta Nekazaritzako foru diputatuarekin eta Alex Pelaez Astorkia Ingurumeneko zuzendari nagusiarekin bildu da, Gaztelugatxeko San Juaneko kudeaketa eta sustapena hobetzeko ahaleginean, eta, besteak beste, eremuaren kudeaketarako lankidetza indartzea eskatu die foru erakundeko arduradunei.

Biotopoaren kudeaketan inplikatutako arlo guztiekin zenbait bilera egin ondoren, Bermeoko alkateak Gaztelugatxeri buruzko "informazio zuzena eta azkarra" jasotzearen garrantzia nabarmendu du, "Bermeon kokatuta dagoelako eta bisitarien artean gero eta ospe handiagoa duelako".

Bileran, Nemeh Shomalyk oinarrizko hainbat gai planteatu dizkio foru diputatuari, hala nola Gaztelugatxeko San Juanen kudeaketarako "komunikazio kanal eraginkorragoa eta azkarragoa" sortzea. "Interesa duten hainbat alderdirekin mahai bat sortzea eskatu dugu, eta Bermeoko Udala horren parte izatea. Mahai horretan, inguruari buruzko erabaki guztiak hartuko lirateke. Baina, mahaia sortu bitartean, komunikazio kanal zuzena izatea eskatu diogu, azken hilabeteetan informazioa gerora iritsi zaigulako, baita prentsaren bidez ere", esan du Bermeoko alkateak.

Gainera, Bermeon bizi direnentzako doako sarrera bermatzea galdegin die Bizkaiko Aldundiko ordezkariei, eta Bermeoko Udalak aukera izan nahi duela filmen grabaketei, publizitateari eta inguruan egiten diren beste ekitaldi batzuei buruzko iritzia emateko. "Gure nortasuna, balioak eta tradizioak babestu gura ditugu, eta San Juanen irudia ez dadila erabili horietara egokitzen ez diren helburuetarako", gaineratu du.

Halaber, jaiegun zehatz batzuetan bermeotarrentzako esklusibotasuna ziurtatzea eskatu du Bermeoko alkateak, eta egun horietako mantentze lanen kostua aztertzea, udalak uste baitu ez lukeela ordaindu behar.

Biotopoan dauden eukaliptoak kentzea izan da beste eskaeretako bat, bai eta inguru osoan itsas hondakinak garbitzeko plangintza bat egitea ere eskatu da. "Zerbitzu hau Bermeoko boluntarioekin egiten zen. Hala ere, duela urte batzuk aldeen artean desadostasun bat egon zen eta azken garbiketa horretatik ez da gehiagorik egin", azaldu du.

BISITARI KOPURUA

Bestalde, eguneko bisitari kopurua berrikustea proposatu da bileran, "eguneko 1.300 pertsonako muga ez baitzaigu jasangarria iruditzen", eta Arane eta Bermeo lotzen dituen bidearen proiektuaren egoerari buruz galdetu da, aurreko lizitazioan hutsik geratu baitzen; foru erakundearen erantzuna izan da lizitazio berria laster aterako dela.

Bermeoko alkatea pozik agertu da bilerak eman duenarekin, eta Bizkaiko Aldundiaren prestutasuna nabarmendu du. "Gure helburua altxor natural eta kultural hau babestea da, eta, aldi berean, bisitari guztiek, bereziki bermeotarrek, esperientzia seguru eta aberasgarri batez gozatzeko aukera izatea bermatzea", adierazi du.

Nemeh Shomalyk gaineratu du foru diputatuak berretsi egin duela Bizkaiko Aldundiak Bermeoko Udalarekin lan egiteko eta beharrezkoak diren informazioak beharrezko bideetatik emateko duen konpromisoa. Ildo honetan, Bermeoko alkateak uste du "aurrerapauso garrantzitsua" eman dela bi herri erakundeen arteko lankidetza estuagoa lortzeko, Bizkaiko ondarea den lekua babesteko.

Contador