Bertsolari Gazteen 30. BBK Sariketak 50 bat gazte bizkaitar bilduko ditu

Bertsolari Gazteen 30. BBK Sariketa aurkeztu dute.
BBK
Actualizado: viernes, 4 noviembre 2022 12:35

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren 30. edizioa hasiko da datorren astelehenean, azaroaren 7an, Markina-Xemeinen. Aurten ere Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eta Bizkaiko Ikastolen Elkartearen laguntza izango du lehiaketak, eta lurraldeko hainbat eskualdetako 50 bertsolari gazte baino gehiago aurrez aurre jarriko ditu.

Sariketa ostiral honetan aurkeztu dute Bilbon Koldo Bilbao BBK-ko Kultura arduradunak, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduradunak eta Oihana Bartra bertsolariak.

Aurreko edizioetan bezala, taldekako formatuan egingo da txapelketa. Zortzi taldek parte hartuko dute, seina bertsolarik osatuta (kasu batzuetan baten bat gehiago ere aurkez daiteke), bi multzotan banatuta: 18 urtetik beherakoak eta 19-25 urtekoak. Talde bakoitzak eskualde bat ordezkatuko du: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri / Ezkerraldea / Meatzaldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe / Txorierri eta Uribe Kosta, azken edizioko irabazlea.

Publikoari dagokionez, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izango dira kanporaketen ikusleak, eta aurten, berritasun gisa, euskara ikasleek osatuko dute finalaurrekoetako publikoa.

BBK-k kulturari, eta bereziki Euskal Herriko kultura eta hizkuntzaren tradiziozko adierazpenak bultzatzeko diren ekimen guztiei laguntzeko egiten duen ahaleginean sartzen da txapelketaren antolaketa. Aurten hiru hamarkada bete dira sariketaren lehen edizioa egin zenetik, eta BBKrentzat "oso pozgarria" da ekitaldi hau bultzatzen jarraitzea orduan bezala, "Euskadin errotuen dagoen euskarazko ahozko kulturaren adierazpideetako bat sustatzen jarraitzeko" konpromisoari eusten baitio, Koldo Bilbaok adierazi duenez.

Talde izaera indartu eta elkarren arteko harremanak indartu nahian, BBK Sariketako sari nagusia taldeko plan bat izango da. Finalistek garaikurrak jasoko dituzte, baina sari nagusia txapelketan parte hartuko duten gazte guztientzako asteburu pasa bateko plana izango da. Gainera, kantaera onena ere sarituko da aurten, irabazleari garaikur bat emanez.

Bertsolari Gazteen 30. BBK Sariketaren final handia abenduaren 1ean jokatuko da, Bilboko BBK Salan. Urteurrena dela eta, finalarekin bat eginez, ekitaldi berezia egingo da, argazki zahar, topa egite eta bertso saio libreekin, eta 30 urteotan sariketan parte hartu duten lehen mailako bertsolariek parte hartuko dute, hala nola Ibon Izak, Onintza Enbeitak, Igor Elortzak, Asier Alcedok, Oihana Bartrak, Nerea Ibarzabalek, Etxahun Lekuek eta Jone Uriak.