Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hirugarren finalaurrekoa jokatuko da larunbatean Irungo Ficoban

Larunbateko saioko bertsolariak.
BERTSOZALE ELKARTEA
Publicado: viernes, 4 noviembre 2022 14:17

DONOSTIA, 4 Nov. (EUROPA PRESS) -

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hurrengo finalaurrekoa jokatuko da Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan larunbatean, azaroaren 5ean, eta Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria igoko dira oholtzara. Gai emaile lanetan Maialen Belarra Eneterreaga ariko da. Saioaren irabazleak Baionan kantatuko du finalaurrekoen bigarren itzulian, azaroaren 26an.

Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, saioa 17:00etan hasiko da eta ordubete lehenago irekiko dira aretoko ateak. Sarrerak eskuratzeko aukera dago oraindik www.bertsosarrerak.eus atarian, eta saioaren egunean bertan ere leihatila irekiko da 15:00etan.

Finalaurrekoetako lehen itzuli osoan bezala, ariketa hauek egin beharko dituzte bertsolariek: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du); binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean; ganbarako lana (banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian).

Irungoaren ostean, lehenbiziko itzuliko finalaurreko bakarra geratuko da: Durangon izango da, azaroaren 12an. Bigarren itzulia hasiko da ondoren, eta Amurrion, Baionan eta Bilbon jokatuko dira saioak.

Bestalde, Irungo erakustazokak aparkalekua badu ere, autoa partekatzea gomendatzen dute antolakuntzatik, guztiontzako lekua egon dadin. Aparkalekua erabilgarri egongo da eta doako zerbitzua eskainiko du.

Halaber, Donostia eta Bidasoa ingurukoei Topoa erabiltzeko gonbita egin diete, Euskotrenek maiztasunak areagotuko baititu saioaren aurretik eta ondoren: 15:15etik 16:15era, Donostiatik Ficobara 15 minutuan behin izango dira trenak, eta 20:35etik 21:35era Ficobatik Donostiara; ordutegi horietatik kanpo, beti bezala, trenak 30 minutuan behin ibiliko dira.