Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa larunbatean Bilbon

Larunbatean Bilbon ariko diren sei bertsolariak.
BERTSOZALE ELKARTEA
Actualizado: miércoles, 30 noviembre 2022 18:15

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Bertsolari Txapelketa Nagusia azken txanpan sartu da eta azken finalaurrekoa jokatuko da larunbatean, abenduaren 3an, Bilboko Bizkaia frontoian. Saioa bukatu ondoren jakingo da zeintzuk izango diren abenduaren 18ko finalean kantatuko duten bertsolariak.

Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, larunbatean sei bertsolari igoko dira oholtzara: Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia eta Saioa Alkaiza Guallar. Gai emaile lanean Idoia Anzorandia Kareaga ariko da.

Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai eta Bilbon bertan ere egongo da aukera, 15:00etatik aurrera, leihatilan. Frontoiko ateak 15:45ean irekiko dira, eta saioa 17:00etan hasiko da.

Bertsolariek hurrengo ariketa hauek osatu beharko dituzte: binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; ganberako lana (banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian); gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Finalaurrekoen lehen itzuliko puntuazioa bigarren itzulikoarekin batuko da sailkapena osatzeko, eta, beraz, bi saioak dira baliagarriak. Gainera, bigarren itzulian bertso bat gutxiago kantatzen dute bertsolariek.

Fase honetan hurrengo zazpiko honek osatzen du epaimahaia: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanean Joxe Mari Altuna Berridi eta Nerea Goñi Begiristain ariko dira.

Astero bezala, saioa zuzenean jarraitzeko aukera egongo da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan eta ETB4 katean. Txapelketako hedabide laguntzaileek ere jarraituko dute saioa, astero bezala. Horrez gain, Bilbo Hiria irratiak zuzenean eskainiko du saioa Bizkaia frontoitik bertatik. Igandean bertsoaldien bilduma argitaratuko da bertsoa.eus atarian, eta 'Hitzetik Hortzera' telebista saioa ere eskainiko da, 15:00etan, ETB1en.

Finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioak ETB1ek eskainiko ditu larunbat gauean, lehen ganberako lanetik aurrera. Bilboko emankizuna larunbateko 22:30etik aurrera eskainiko da.