Castillo Suárez idazle altsasuarra euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Archivo - Castillo Suárez.
EUSKALTZAINDIA - Archivo
Actualizado: viernes, 30 septiembre 2022 12:42

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak euskaltzain berria izendatu du ostiral honetan, Nafarroako Parlamentuan egin den osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Patxi Zabaleta emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Castillo Suárezek erdietsi du Akademiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. Paula Kasares beste hautagaiak uko egin dio hautagaitzari bozketa izan aurretik.

Euskararen Akademiak gogorarazi duenez, maiatzaren 21ean Baztango udaletxean egin zen osoko bilkuran, euskaltzain emeritu izendatu zuen Patxi Zabaleta euskaltzain osoa, emeritu izateko 75 urte beteak izan behar baitituzte euskaltzain osoek.

Bilkura horretan bertan zabaldu zen hautagaiak aurkezteko epea, eta uztailean amaitu zen. Hautagai bi aurkeztu zituzten euskaltzainek uztailaren 22an Alkizan egin zen osoko bilkuran -Paula Kasares eta Castillo Suárez-, eta ostiral honetako bilkuran idazle altsasuarra izendatu dute euskaltzainek.

Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du Altsasuko euskaltzainak sarrera hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera ekitaldia egingo zaio.

CASTILLO SUÁREZ

Castillo Suárez García (Altsasu, Nafarroa, 1976) Euskal Filologian lizentziaduna da, eta toki administrazioko euskara teknikaria ogibidez. Bere literatura lanari etorrita, batik bat, poesia lanak idatzi ditu: orain arteko bildumarik osatuenak 'Souvenir' (2008, Elkar), 'Urtebetetze festa' (2012, Elkar), 'Irautera' (2019, Elkar) eta 'Elurra elurraren gainean' (2022) izan dira. Bestalde, hainbat hedabidetako kolaboratzailea da.

Azkenaldian, haur literaturan ere utzi ditu zenbait ale, horien artean, 'Ebelina Mandarina' (Erein, 2010). Literaturari buruzko blog bat dauka: 'Iparraldeko neska'. Hainbat literatura sari eskuratu ditu eta bere testuetako batzuk zenbait hizkuntzatara itzuli dituzte (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, katalana, galegoa). Euskaltzain urgazlea da 2016tik eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea 2021etik.

Gaur egun, 22 euskaltzain osoz, hamar euskaltzain emerituz, 145 euskaltzain urgazlez eta 65 ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. 96 lagun euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izendatu dituenak.

Euskaltzain osoak 22 dira (14 gizonezko eta zortzi emakumezko): Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Castillo Suárez, Ana Toledo, Miriam Urkia, Andres Urrutia, eta Mikel Zalbide.

Emerituak, aldiz, hamar dira: Andoni Sagarna, Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta, Jose Luis Lizundia, Txomin Peillen, Patxi Uribarren eta Ibon Sarasola.