Durangon amaituko da larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen lehen itzulia

Durangoko finalaurrekoan izango diren bertsolariak.
BERTSOZALE ELKARTEA
Publicado: viernes, 11 noviembre 2022 10:38

BILBO, 11 Nov. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren finalaurrekoa jokatuko da larunbatean, azaroaren 12an, Durangoko (Bizkaia) Landako gunean. Lehen itzuliko azken saioa izango da eta bertan jakingo da zeintzuk izango diren finalaurrekoen bigarren itzulian kantatuko duten bertsolariak.

Saioa 17:00etan hasiko da eta Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia eta Saioa Alkaiza Guallar arituko dira kantuan. Gai emaile lanetan Ane Ezenarro Beristain ibiliko da.

Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, Durangoko saioa irabazten duenak Bilboko finalaurrekoan kantatuko du bigarren itzulian abenduaren 3an; beste bertsolariek puntuazioen arabera izango dute sailkatzeko aukera. Durangoko sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian eta larunbatean bertan txarteldegia irekiko da Landakon, 15:00etan.

Lehen itzuli osoan bezala, hurrengo lanak egin beharko dituzte bertsolariek: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du); binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean; ganberako lana (banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian).

Fase honetan epaile lanetan ari dira Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta.