Elizondon abiatuko dira larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak

Lehen finalaurrekoan izango diren bertsolariak.
BERTSOZALE ELKARTEA
Publicado: viernes, 21 octubre 2022 13:22

BILBO, 21 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo finalaurrekoa jokatuko da larunbatean, urriaren 22an, Elizondoko (Nafarroa) Baztan pilotalekuan. Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Agirre Goia izango dira oholtzara igoko diren sei bertsolariak, eta gai emaile lanetan Amaia Castorene Luro arituko da.

Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, saioa 17:00etan hasiko da eta sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Elizondon bertan 15:00etan irekiko da pilotalekuko leihatila, eta ateak, berriz, 16:00etan.

Fase honetan, honako lana egin beharko dute bertsolariek: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du); binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean; ganberako lana (banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian).

Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta arituko dira fase honetako epaile lanetan.

Larunbateko saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 19an Amurrion jokatuko den bigarren itzuliko finalaurrekora. Elizondokoaren ostean, beste hiru finalaurreko jokatuko dira lehen itzulian: Donibane Garazin, Irunen eta Durangon. Horietatik aterako dira finalaurrekoen bigarren itzulira sailkatuko diren 18 bertsolariak. Amurrion, Baionan eta Bilbon izango dira bigarren itzuliko hiru finalaurrekoak. Finalaurreko guztiak zuzenean jarraitzeko aukera egongo da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan eta ETB4 katean.