'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi zikloak hiru saio eskainiko ditu udazkenean Donostian

'Emakume Zientzialarien Argitan' Solasaldi Zikloa.
ELHUYAR
Publicado: sábado, 1 octubre 2022 10:50

DONOSTIA, 1 Oct. (EUROPA PRESS) -

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatu duten 'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi zikloak jarraipena izango du udazkenean, eta hiru saio gehiago egingo dira, bat urriaren 4an eta beste biak azaroaren 8an eta 29an.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, emakume zientzialariak ezagutzea du helburu ekimenak. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak "ezkutuan" geratu dira, eta "gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan".

Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da udazkenean zikloan: Itziar Laka Mugarza, Amaia Bacigalupe de la Hera eta Lourdes Herrasti Erlogorri.

Besteak beste, azalduko dute zerk bultzatzen dituen ikertzera, zer galderari erantzun nahi dioten, zerk harritu dituen gehien eta zer zailtasuni egin behar dieten aurre, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia dibulgatzailearen galderei erantzunez. Horrez gain, zientzia-humanitateak' bi kulturen estereotipoa gainditzeko gogokoen dituzten liburuak ere gomendatuko dituzte.

Bada, lehenengo solasaldia datorren asteartean izango da, urriaren 4an. Itziar Laka Mugarza izango da elkarrizketatua, eta solasaldiaren izenburua honako hau izango da: 'Itziar Laka Mugarza: imajinaezinaren bila, hizkuntzatik abiatuta'.

Amaia Bacigalupe de la Hera izango da bigarren elkarrizketatua. Osasuna izango du hizpide, eta solasaldia azaroaren 8an egingo da, 'Amaia Bacigalupe de la Hera: osasuna ez da soilik gaixo ez egotea' izenburupean.

Azken solasaldia Lourdes Herrasti Erlogorrirena izango da, azaroaren 29an egingo da, 'Lourdes Herrasti Erlogorri: memoria eraikitzen, iragana
lurpetik ateraz' izenburuarekin.

Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren www.zientzia.eus webgunean ere entzun ahalko dira.