Actualizado 22/09/2022 12:41

Euskaltzaindiak jarraipena emango dio Mintzola egitasmoari, eguneroko hizkera langai hartuta

Mintzola
EUSKALTZAINDIA

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak jarraipena emango dio Mintzola egitasmoari, Mintzola Fundazioa 2021ean azkendu ondoren, eta "hizkeraren lantegia" izango da aurrerantzean, batez ere eguneroko hizkera langai hartuta. Horretarako, Akademiak bere lan eremua, lehentasunezko lan ildoak eta jarduerak finkatu ditu. Ohi duen bezala, horiek guztiak ahozkoaren inguruan lan egiten duten eragileekiko lankidetzan landu nahi ditu Euskaltzaindiak.

Modu honetan, Akademiak jakinarazi duenez, ikerketan, ezagutzaren transferentzian, formakuntzan eta sustapenean jardungo du Mintzolak aurrerantzean. Horren haritik, ikerketa sustatzeko bi deialdi egin ditu Euskaltzaindiak: bata, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko gradu amaierako bost lan saritzeko, eta bestea, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko ikerketa edota master amaierako bost lan saritzeko.

Era berean, lehentasunez honako gai hauen inguruko beste ikerketa batzuk ere bultzatuko ditu: eguneroko hizkera: ezaugarriak; eguneroko hizkera euskal komunitatean: corpusaren osaketa, mapak eta diagnostikoa; gaztelera eta frantsesarekiko desoreka euskal gazteen eguneroko hizkerarako adierazkortasunean; hezkuntza araututik eta arautu gabeko hezkuntza edo aisialdi antolatutik eguneroko hizkerarako adierazkortasun baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak; hedabideetatik eguneroko hizkerarako baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak; euskalkiak eta estandarra ahozko hizkeraren funtzioetan; hitanoaren diagnostikoa eta hikako moldearen erabilera sustatzeko bideak eta tresnak.

Gainera, aspalditik datozen beste bi egitasmo ere bultzatuko ditu Euskaltzaindiak, Mintzola egitasmoaren bidez. Proiektu hauekin, eta erakundeen arteko elkarlana oinarri hartuta, gazteek euskaraz egiten diren hainbat ahozko adierazpide ezagutzeko edota euskarazko hizkera informala lantzeko aukera bultzatu nahi da, ahozko kultura sorkuntzaz gozatzeko aukera emanda.

Alde batetik, 'Ahostegunak' sustatzen jarraituko du, 18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzenduta, antzerkian, bertsolaritzan, kantuan eta literaturan murgiltzeko, gozatzeko eta sakontzeko saioak.

Beste alde batetik, 'Ahots Baten' sormen egonaldiekin jaraituko du, euskarazko ahozko sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, berean artean harreman sareak egiteko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz sortutako egonaldia; urriaren 29tik azaroaren 1era izango da, Amaiurko (Nafarroa) aterpetxean, eta izen-ematea www.euskaltzaindia.eus/mintzola atarian egin beharko da, urriaren 3tik 20ra. Bi proiektu horiez gain, mintegiak ere antolatuko dira, ezagutzaren transferentzia eta formakuntza sustatzeko.

MINTZOLA

Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zen. Bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioaren gaineko hausnarketari eta ahozkotasunari loturiko diziplinen arteko elkarreragina bultzatzea izan du helburu azken urteetan, gizartearen premia berriekin uztartuz eta, era berean, diziplina hauek indartuz.

Horretarako, bertsolaritzaren ikerketan sakontzen eta, horietan landutako hausnarketak gogoan, euskaraz diharduten beste ahozko kultur sorkuntzetara eta nazioarteko beste kantu inprobisatuetara zubiak eraikitzen saiatu da azken hamarkadan.

2021eko uztailean, Mintzola Fundazioaren ibilbidea amaitutzat ematea erabaki zuten, aho batez, patronatuko kideek. Bertsogintzaz harago, ahozko gainerako diziplinetan gehiago sakondu eta eragiteko beharrak bultzatuta hartu zuten erabakia.

Orduan, Euskaltzaindiari eskaini zioten Mintzolaren jardunarekin jarraitzea. Euskararen Akademiak baiezkoa eman zion proposamenari eta inplikatutako eragileek prozesu berri bat bultzatu du ordutik, euskarazko ahozko jardunaren ikerketari eta dibulgazioari jarraipena emateko helburuari eutsiz.

Contador