Euskaltzaletasunaren eta feminismoaren arteko loturak aztergai Bilbon urtarriletik maiatzera

Ikastaroaren kartela
JAKIN
Actualizado: lunes, 10 diciembre 2018 12:25

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), Gabriel Aresti Euskaltegiak, Bilboko Kafe Antzokiak eta "Jakin" aldizkariak "Euskaltzaletasuna eta Feminismoa: zer ikasi, hura elikatu" bost saioko ikastaroa antolatu dute elkarlanean. Euskaltzaletasunaren eta feminismoaren arteko elkargune eta harremanez jardungo du ikastaroak, urtarriletik maiatzera, eta, bakarka nahiz solasaldian, Idurre Eskisabel, Lorea Agirre, Saioa Iraola, Jaime Altuna, Aizpea Otaegi, Itziar Gandarias eta Amelia Barquín ariko dira hizlari.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, hilabete bakoitzaren hondarreko astelehenetan egingo dira saioak Bilboko Kafe Antzokian, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Lehen saioa urtarrilaren 28an izango da, Idurre Eskisabelekin eta Lorea Agirre Dorronsororekin. Izena emateko epea zabalik da urtarrilaren 27 arte, UEUren webgunean eta "Jakin" zein Kafe Antzokiaren atarietan.

"Hizkuntza eta generoa gurutzatzen direla badakigu, hizkuntza hautuak igarotzen direla genero eraikuntzatik eta alderantziz; prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen sareak jendarteko botere harremanetan gurutzatzen direla. Euskara eta generoa ere ez doaz aparte, eta, horrenbestez, biak, euskara eta generoa, menderakuntzaren alaba izaki, ahalduntzeko eta boteretzeko prozesu berean txirikordatzen diren bi bide dira. Euskaltzaletasuna eta feminismoa dira ahalduntzearen bi alabak", azaldu dute.

Horrela, bi izate, praktika eta prozesu horiek non gurutzatzen diren, ze ezaugarri partekatzen dituzten, batak bestetik zer ikas lezakeen eta bien arteko aliantzak ze esparru emankor zabaltzen dituzten mahai gainean jartzea da "Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu" ikastaroaren helburua.

HIZLARIAK

Zehazki, hizlari bakoitzak ertz jakin batetik landuko du gaia, elkarren osagarri. Lehen saioan, urtarrilaren 28an, Idurre Eskisabel kazetari eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak eta Lorea Agirre kazetari eta "Jakin" aldizkariko zuzendariak "Euskaltzaletasuna eta Feminismoa, ahalduntzeko elkargunea" hitzaldia eskainiko dute, euskararen eta feminismoaren arteko harremanez, azpiratze eta aukeraz aritzeko.

Otsailaren 25ean hartuko diete lekukoa Jaime Altuna soziologoak eta Aizpea Otaegi Elhuyarreko kideak. Maila teorikoa eta praktikoa uztartzeaz gain, hizkuntzaren eta generoaren arteko loturez jardungo dute solasaldian, norbere esperientziatik eta lan esparruetatik.

Euskal Herriko Bilgune Feministako Saioa Iraolaren txanda izango da martxoaren 25ean, euskararen eta feminismoaren genealogia aztertzeko. Bien arteko hartu-emanaz eskainiko du hitzaldia. Ildo beretik joko du Itziar Gandarias Deustuko Unibertsitateko Psikologia Sozialeko irakasleak, Bilboko feminista taldeetako esperientzia baliatuta.

Azkenik, Amelia Barquín Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasleak hitzaldia eskaini du euskara ez sexista nola erabili daitekeen azaltzeko. Adibidez beteko solasaldia eskaini du Barquín-ek maiatzaren 27an. Gainera, azken saioa izaki, Ane Labakak eta Bea Egizabalek "Erradikalak ginen" bertso-antzerki ikuskizuna eskainiko dute, "Erradikalak gara" ikuskizunaren jarraipena.

PARTE HARTZEA

Ikasleek ere izango dute hitza hartzeko aukera galdera eta iradokizunekin, parte hartzea bultzatzea izango baita ikastaroaren beste helburuetako bat. Horrez gain, ikasleentzat prestatutako materiala banatuko da.

UEUk, "Jakin" aldizkariak, Gabriel Aresti Euskaltegiak eta Bilboko Kafe Antzokiak elkarlanean antolatu dute ikastaroa, eta ordainpekoa izango da: 30 euro ordainduko ditu ikasleak ikastaro osoarengatik, eta saio bakarrera etorri nahi izanez gero, 10 euro ordaindu beharko ditu. Ohiko deskontuak eskainiko dira. Izena zuzenean emateko lotura eta informazioa https://labur.eus/zOxqr web orrian dago.