Gasteiz Antzokia "lehenbailehen" abian jartzea eta "sortu duen arazoa" konpon dezala eskatu diote Gasteizko Udalari

Gasteiz Antzokiaren aldeko Plataformaren agerraldia
GASTEIZ ANTZOKIAREN ALDEKO PLATAFORMA
Actualizado: miércoles, 8 mayo 2024 16:07

GASTEIZ, 8 (EUROPA PRESS)

Gasteiz Antzokiaren aldeko Plataformak agerraldia egin du asteazken honetan Ruiz de Bergara jauregiaren inguruan, eta Gasteiz Antzokia "lehenbailehen" abian jartzea eta "sortu duen arazoa" konpon dezala eskatu dio Gasteizko Udalari.

Asmo horri begira ekintza batzuk iragarri dituzte plataformako ordezkariek, hala nola elkarrizketak talde politiko guztiekin, udal bilkuran mozio baten aurkezpena eta sarean dagoeneko abian dagoen sinadura bilketa berriro aktibatzea.

Gogorarazi dutenez, dozena bat urte igaro dira Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataforma 2012an sortu zenetik. Orduan bezala, oraingoan ere, jatorri, belaunaldi eta sentsibilitate desberdineko euskaltzaleak bildu dira Gasteiz Antzokiaren aldeko Plataforma biziberritzeko eta egitasmoa behin betikoz errealitate bihurtzeko asmoz.

Ruiz de Bergara jauregiaren inguruan elkartu dira asteazken honetan, eta ez dela "kasualitatea" aipatu dute, Gasteizko Udalak eraikina zaharberritzeko lanak burutu baititu bertan Gasteiz Antzokia kokatzeko. "Kontua da, lan horiek 2022ko irailaz geroztik amaituta daudela, baina oraindik eraikinak ateak itxita jarraitzen duela, antzokiaren egitasmoa bete gabe. Udalak arrazoi burokratiko eta administratiboak argudiatu ditu eraikina oraindik itxita mantentzeko", deitoratu dute.

Plataforma bezala egoera ezin dutela "inolaz ere ulertu" esan dute, eta "erabat kafkiarra" dela: "Azpiegitura egina dago. Udal talde guztiak ados daude. Beharra hor dago. Hala ere, egoerak bere horretan jarraitzen du: eraikina itxita eta euskaraz burutzeko ziren hainbat ikuskizun amets galduen tiraderan sartuta".

Ildo horretan, gogorarazi dute 2015-2022 aldian Oihaneder Euskararen Etxea martxan izan dela, Lazarraga elkarteak kudeatuta. Bitarte horretan 900 kultur jarduera antolatu dira, 66.868 erabiltzailerekin. "Hori dena galtzen ari gara", salatu dute.

LAZARRAGA

Halaber, egitasmoa diseinatu, mamitu eta gorpuztu duen Lazarraga elkarteari "udalaren partetik ematen ari zaion trataera" kritikatu dute, "udalak bete ez dituen konpromisoen ardura eta horren ondorio ekonomikoak elkartearen bizkar gainean utzi nahi izatea guztiz injustua" delako.

"Ez da onargarria. Are gutxiago kontuan izanda, Gasteizko euskalgintzak bi hamarkada daramatzala egitasmo hau lantzen. Euskalgintzak jarri du materia gris guztia, kemena, gogoa, indarra. Udalari aurrea hartu dio beti. Eta gure udala berandu ibili da. Oso berandu. Horregatik ozen salatu nahi dugu Gasteizko udalaren utzikeria eta borondate falta eta, jakinarazten dugu, plataforma bezala, behar diren ekintza eta mobilizazio guztiak burutzeko prest gaudela Gasteiz Antzokia behin betikoz errealitate bihurtzeko. Proiektu honek ezin du zakarrontzian amaitu", nabarmendu dute.

Hori guztia dela eta, eskatu dute "udalak sortu duen arazoa, udalak berak konpon dezala eta Gasteiz Antzokia lehenbailehen abian jar dadila". "Benetan borondatea balego, egon litezkeen arazoak konpon litezke. Borondatea behar da, eta ekiteko prestutasuna", ziurtatu dute.

Asmo horri begira, momentuz ondorengo ekintza hauek iragarri dituzte: elkarrizketak talde politiko guztiekin, udal bilkuran mozio baten aurkezpena eta sarean dagoeneko abian dagoen sinadura bilketa berriro aktibatzea. Horrez gain, aldiro, ekintza desberdinak burutuko dituzte, behar den momentuan eta behar den formatuan.

"Gasteiz Antzokia behar dugu. Euskarak behar du. Hiriak behar du. Aisiak behar du. Denok, euskalduna izan ala ez, behar dugu. Gasteiz Antzokia euskal unibertsoak behar duen arnasgunea da", adierazi dute.

Contador