Gasteizko Neguko Arte Azoka ARTgia galeriara helduko da ostiralean

Neguko Arte Azokaren aurkezpena
ENEBADA! & ARTGIA
Actualizado: jueves, 14 diciembre 2017 17:13

GASTEIZ, 14 Dic. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Neguko Arte Azokak ARTgia galeriara iritsiko da ostiralean, abenduaren 15ean, Enebada! arte galeriatik igaro ondoren. Azokak 16 artistaren lanak erakutsiko ditu urtarrilaren 20ra arte. Artearen salerosketa sustatu eta Arabako artisten erakusleiho izateko sorturiko azoka da, "sortzaile plastikoentzako behar beharrezkoa zen azoka", Kristina Urizarbarrena koordinatzaileak aurkezpenean azaldu duenez.

Irantxu Lekue artista eta ARTgia sorgune & aretoko arduradunak adierazi du ideia duela hilabete batzuk bururatu zitzaiela, baina zokoratua zutela Eduardo Urra Enebada! arte galeriako arduraduna aurkitu arte. "Gure artean sinergiak sortu ziren, biok Gasteizko auzoetan, erdialdetik at dauden arte galeriak ditugulako eta polita iruditu zitzaigun gabonei begira baina etorkizunari begira bereziki horrelako ekimen bat bideratzea", azaldu du.

"Handik gutxira Kristina Urizarbarrena agertu zen eta oso antzekoa zen ideia proposatu zigun, hitz egindakoaren lerrotik zihoana. Orduan erabaki genuen gure indarrak batu eta ametsak errealitate bihurtzea. Hitzetatik ekintzetara pasatzea", esan du Eduardo Urrak.

Horrela, Enebada galeriatik pasa ostean, ostiralean Judizmendiko arte galerian aurkeztuko da, urtarrilaren 20ra bitartean. "Artistek artelan ezberdinak izango dituzte ikusgai bi aretoetan. Helburua kultur erabiltzaileak bietara gerturatzea izaki, produktu ezberdinak egingo dira horrela bata eta bestean ikusgai, eta areto bakoitzak bere atmosfera propioa garatuko du horrela", azaldu du Urizarbarrenak.

16 ARTISTA

Orotara, 16 artistak parte hartuko dute erakusketan, besteak beste, Kristina Urizarbarrena -Kruzart-, Tania Guper, Eloisa Montoya, Ines Gonzalez de Zarate, Irantzu Lekue, Txaro Arrazola, Txaro Marañon, Ana Merino, Ana Gandia, Ander Martinez, Katxarrismos, David Tavares "Burugabe", Palet Jauna, Ernesto Knorr, Eduardo Alsasua eta Nerea Lekuonak.

"Ibilbide ezberdinak dituzten artistak tartekatu nahi izan dugu. Ibilbide oso emankor eta ezaguna dituztenak daude, baita hazten ari direnak ere. Esperientzia eta gaztetasuna. Arabako artisten oraina eta geroa. Horregatik ere ahalegin berezia egin nahi izan dugu formatu ezberdinak lortzen kultur erabiltzaileek ere pieza ezberdinak izan ditzaten eskura", esan du Urrak.

Erakusketan margolaritza, eskultura, instalazioa eta ilustrazioa egongo direla iragarri dute, "tamaina eta prezio ezberdinekin, helburuetako bat ere badelako poltsiko guztiek pagatu ditzaketen artelanak saltzea, artea auzo eta etxe guztietan sarrera izan dezan". Hori dela eta, Urizarbarrenak argitu du azoka "apustu bat" dela "herritarrak ere kulturaren sustapenean aktibo bihurtzeko".