Gipuzkoako Ogasunak 784 milioi euro bildu ditu urtarriletik martxora, iaz baino %1,9 gutxiago

Gipuzkoako Ogasunak 784 milioi euro bildu ditu urtarriletik martxora, iaz baino %1,9 gutxiago
GIPUZKOAKO ALDUNDIA - Archivo
Publicado: viernes, 12 abril 2019 18:14

DONOSTIA, 12 Abr. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Ogasunak urtarriletik martxora egindako zerga bilketa metatua %1,9 jaitsi da, iazko aldi berdinarekin alderatuta. Guztira, 784 milioi euro bildu dira, hau da, 2018ko lehen hiruhilekoan baino 15 milioi euro gutxiago.

Gipuzkoako Aldunditik jakinarazi dutenez, aldaketa azaltzen duten arrazoiei begiratuta, PFEZan "eragin adierazgarria" izan dute amatasun eta aitatasun prestazioen itzulketek, nahiz eta lan etekinen gaineko atxikipenak gehitu egin diren. Sozietateen gaineko Zergaren bilketak ere beheras egin du, eta alor positiboan, berriz, BEZ izan duen hazkundea nabarmendu da.

Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak gogoratu du urte hasierako datuak ez direla oso adierazgarriak izaten eta, ondorioz, oraindik goiz dela ondorioak ateratzen hazteko: "Kanpaina nagusiak uda partean egiten ditugu eta oraindik ez gara hasi lurralde arteko doikuntzekin, ez eta Estatukoekin ere. Orain artekoa, beraz, urte osokoaren %15 inguru izan ohi da, eta ohikoak dira mota honetako gora beherak".

Horrela, errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 14 milioi euro gehiago jaso ditu Gipuzkoako Ogasunak (%3,5 gehiago). Bestalde, gora egin dute kapital higikor eta higiezinen atxikipenek, 2,8 milioi (+%22,2) eta 0,2 milioi (+%2,6), hurrenez hurren, eta behera egin dute ondare irabazien gaineko atxikipenek, 12 milioi euro gutxiago bildu baitira (-%77,5). Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta ere emaitza negatiboa da, pasa den urtean baino 9 milioi gutxiago batu dira eta (-%2).

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptuak, 2,6 milioi euro gutxiago bildu ditu: sarrera gordinak 5,5 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 2,8 milioi eurotan murriztu dira.

Azkenik, Gipuzkoako Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %3,4 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 8,3 milioi euro gehiago: 4,7 milioi euro gehitu dira sarrerak (+%1,3), eta itzulketak 3,5 milioi euro jaitsi (-%2,9).