Heriotzak %15,6 gutxitu ziren EAEn 2023ko hirugarren hiruhilekoan

Archivo - Hilerri bat.
AYUNTAMIENTO - Archivo
Actualizado: lunes, 12 febrero 2024 11:52

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 5.099 pertsona hil ziren 2023ko hirugarren hiruhilekoan, hau da, aurreko urteko aldi berean baino %15,6 gutxiago, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Heriotzak %9,2 eta %2,6 jaitsi ziren abuztuan eta irailean, hurrenez hurren, aurreko urteko hil berdinen aldean, baina uztaila nabarmendu zen, %30,9ko jaitsiera izan baitzen (2022ko hirugarren hiruhilekoan heriotza kopurua nahiko handia izan zen).

Bestalde, 2023ko hirugarren hiruhilekoko datuak 2019ko hiruhileko bereko datuekin alderatuz gero (covid-19aren pandemiaren aurreko urtea), heriotzetan %2,8ko igoera gertatu da. Covid-19ak 121 heriotza eragin zituen 2023ko hirugarren hiruhiulekoan, 2022koan baino 253 gutxiago.

Hiru lurraldeetan jaitsi ziren heriotzak, eta bereziki esanguratsua izan zen Bizkaian izandako %18,1eko jaitsiera (2.735 heriotza); heriotzak %14,2 jaitsi ziren Araban (652 hildako), eta %11,8 Gipuzkoan (1.712 heriotza).

Sexuen arabera, 2.576 gizon eta 2.523 emakume hil ziren EAEn 2023ko hirugarren hiruhilekoan, eta horrela, %11,9ko jaitsiera izan zen gizonen kasuan eta %19koa emakumeen kasuan, 2022ko hiruhileko beraren aldean.

Halaber, urteko hirugarren hiruhileko izandako heriotzen artean, 9 urtebetetik beherako haurrenak izan ziren (%0,2), eta 91 ehun urtetik gorako pertsonenak (%1,8), gehienak emakumeak (83).

Bestalde, heriotza kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio sistemako gaixotasunak izan ziren EAEn 2023ko hirugarren hiruhilekoan, 1.519 eta 1.158 heriotza eraginda, hurrenez hurren; ondorioz, bien artean heriotzen %52,5 ekarri zuten. Hirugarren heriotza kausa nerbio sistemako gaixotasunak izan ziren, 339 heriotzarekin (%6,6), eta 121 heriotzatan covid-19a izan zen kausa nagusia (%2,4).

Heriotzen arrazoi nagusia tumoreak izan ziren gizonentzat zein emakumeentzat. Hala ere, tumoreen ondoriozko heriotzen proportzioa handiagoa izan zen gizonentzat (%35,3) emakumeentzat (%24,1) baino. Zirkulazio sistemako gaixotasunak izan ziren kausa nagusia 551 gizonentzat eta 607 emakumerentzat (%21,4 eta %24,1, hurrenez hurren).

EAEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen 2023ko hirugarren hiruhilekoan, 1.621 pertsona gutxiagorekin, eta hiru lurraldeetan izan zen biztanleria galera: Bizkaian 972 pertsona gutxiago, Gipuzkoan 562 eta Araban 87.

COVID-19

Bestalde, covid-19ak 121 heriotza eragin zituen EAEn 2023ko hirugarren hiruhilekoan, 2022koan baino 253 gutxiago (-%67,6). Heriotza horiek guztiak baieztatutako covid-19agatik izan ziren, eta beste 36 heriotzatan heriotza kausa ziurtatuen artean egon zen, baina funtsezkoa izan gabe.

Lurraldeka, zifrarik altuena Bizkaian izan zen (82), gero Gipuzkoan (30) eta, azkenik, Araban (9). Hiriburuei dagokienez, Bilbo 30 heriotza eragin zituen covid-19ak, Donostian 11 eta Gasteizen 7. Beste udalerri aipagarri batzuk Barakaldo (7 heriotza) eta Getxo (6) izan ziren.

Emakumeen heriotza kopuruak (61) gizonena (60) gainditu zuen, eta, adinaren arabera, eragin handiena izan zuen taldea 80 urtetik gorakoena izan zen, covid-19ak eragindako heriotzen %78,5 izan baitziren (95 heriotza).

Heriotza gehienak EAEko ospitaleetan izan ziren (%81,8, eta 2022ko hirugarren hiruhilekoan %82,6), eta gero egoitza soziosanitarioetan (%9,9, 2022ko hirugarren hiruhilekoan %7,8) eta etxebizitzetan (%8,3, 2022ko hirugarren hiruhilekoan %9,6).