IkerGazte biltzarrak 180 ikertzaile bilduko ditu Iruñean maiatzaren 10etik 12ra

Aurkezpenean izan diren unibertsitateetako ordezkariak
UEU
Actualizado 2017/05/04 13:54:53 CET

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) "IkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskaraz" biltzarra antolatu du bigarren aldiz, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) campusean egingo da, Iruñean, maiatzareon 10, 11 eta 12an. Dagoeneko 180 ikertzailek biltzeko asmoa dute,, eta oraindik izena emateko epea zabalik dago. Proiektuaren helburua ikertzaile euskaldunen ikusgarritasuna areagotu, beraien arteko ezagutza sustatu eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea da.

Ostegun honetan agerraldia izan da Iruñean, Euskal Herriko beste unibertsitateen babesa jaso duen biltzarraren egitaraua aurkezteko. Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Miren Josu Omaetxebarria ikertzaile eta biltzarraren arduradunak, Patxi Salaberri NUPeko katedradun eta biltzarraren arduradunak, Ramon Gonzalo NUPeko Ikerketa errektoreordeak, Jon Zarate EHUko Euskara eta Etengabeko Prestakuntzaren errektoreordeak, Rafael Aldabe NUko ikertzaile eta batzorde zientifikoko kideak, Elixabete Perez Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko zuzendariak eta Jose Ramon Vitoria Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Ikerketa zuzendariak parte hartu dute.

Iñaki Alegria UEUko zuzendaria "oso pozik" azaldu da aurreikuspen guztiak gainditu dituztelako, "une honetan 180 ikertzailek eman baitute izena kongresuan". "Arrakasta ziurtatuta dago, eduki aldetik ere guztiz oparoa baitator kongresua. IkerGazte erreferentzia bat bihurtzea nahi dugu, eta bi urtetik behin antolatzen jarraitu nahi dugu", adierazi du.

Programa akademikoari dagokionez, egitarauan bost saio mota egongo dira: hitzaldi orokorrak, ahozko komunikazioak, posterrak, tailerrak eta mahai inguruak.

Hitzaldi orokorrak ondoko hauek izango dira: "A Journey into the World of Galaxies" (Laurence Tresse Lyoneko astrofisika ikerketa zentroko zuzendaria), "Katedralaren eraikuntza" (Jose Ramon Etxebarria EHUko irakasle eta ikertzailea eta UEUkidea), "Bizitza eta karrera ikerkuntzan: Nire esperientzia" (Arkaitz Carracedo BioGUNEko Onkologia Molekularra ikerketa taldeko burua) eta "How can comparative reasearch and international colaboration contribute to minortised language reasearch?" (Elin Haf Gruffydd Jones Aberystwyth unibertsitateko irakasle eta ikertzailea).

122 KOMUNIKAZIO

Gainera, 122 komunikazio izango dira, ikertzaileek aurkeztutako ekarpenak azaltzeko. Beraz, bertan, tesiak eta tesinak (bukatuak zein bidean), bukatutako proiektuak (emaitza zehatzak dituztenak) eta ondorengo ikerkuntzan landutako proiektuak (doktoretza lortu osteko ikerkuntza) izango dira. Bost jakintza arloetan banatutako aurkezpenak izango dira, paraleloan programatuko direnak.

Halaber, tailer eta mahai inguruetan landuko diren gaien artean daude komunikazioa errazteko teknikak, informazioaren irudikapena, euskaraz hobeto idaztea, ikerketa eta politika edota euskarazko aldizkari zientifikoen etorkizuna, besteak beste.