Ikergazteren bosgarren edizioak ia 200 ikertzaile gazte bilduko ditu maiatzean Donostian

Ikergazte biltzarraren aurkezpena
UEU
Actualizado: lunes, 24 abril 2023 13:23

   DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

   Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatutako Ikergazte biltzarraren bosgarren edizioa egingo da maiatzaren 17an, 18an eta 19an Donostian, eta ia 200 ikertzaile bilduko ditu elkar ezagutzeko eta euskarazko produkzio zientifikoa sustatzeko helburuarekin.

   Biltzarra aurkezteko prentsaurrekoa izan da astelehen honetan Donostian, eta Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak, Olatz Arbelaitz Ikergazteko zuzendari eta UEUkideak, Elixabete Perez Deustuko Unibertsitateko ordezkariak, Itziar Irigoien EHUko Gipuzkoako campuseko Ikerketa arduradunak eta Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak parte hartu dute.

   Topaketan 155 artikulu zientifiko aurkeztuko dira eta antolatzaileek ekitaldi "arrakastatsua" izango dela aurreikusi dute. Hiru egunetan zehar nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahai inguruak, aurkezpenak eta ekintza ludikoak antolatu ditu UEUk.

   "Aurten sekula baino ekarpen gehiago jaso dugu, 170, eta gainbegiratze prozesua gainditu duten 155 lan aurkeztuko dira kongresuan: 52 ahozko aurkezpen, 72 mikroaurkezpen eta 31 poster", azaldu du Arbelaitzek.

   Aurkeztuko diren 155 lanetatik 17 giza zientzia eta arteetakoak dira, 32 gizarte zientziak eta zuzenbidekoak, 53 zientzia zehatz eta natur zientzietakoak, 30 ingeniaritza eta arkitekturakoak eta 23 osasun zientzietakoak.

   Ikergazteko zuzendariak aipatu du jakintza alor bakoitzeko lanik onenari saria emango zaiola biltzarraren azken egunean, Donostiako Udalaren eskutik. Era berean, sari berezia ere egongo da, Udalbiltzak Euskal Herriko garapenean eragin handiena izango duen ikerlanari emango diona.

   Ikertzaileen filiazioari dagokionez, aurreko edizioetako joera mantendu da. Horrela, jasotako komunikazioen artean Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) da maizen aipatu dena; Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Nafarroako Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko edo Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko lanak ere egongo dira.

   Horiez gain, unibertsitateei atxikitako ikerketa zentroak eta taldeak ere aipatzen dira beste argitalpen askotan. Ildo horretan, nabarmentzekoa da aurtengo edizioan 17 ikerketa talde laguntzaile izango direla.

   Arbelaitzen esanetan, zenbakiek adierazten dute "oso pozik egoteko arrazoiak" dituztela, Ikergazte "ekimen arrakastatsu eta erreferentzia" bilakatu dela adierazten baitute. "Zalantzarik ez dugu alor desberdinetako ikertzaileek besteen lanak ezagutzeko aukera izango dutela, eta aurretik gertatu den bezala, ziurrenik elkarlan berriak ere sortuko dira bertatik", esan du.

BERRIKUNTZA

   Azkenik, Ikergazteren bosgarren edizioko berrikuntza modura, proiektuen deialdia BadaLab espazioarekin elkarlanean martxan jarriko dutela adierazi du Arbelaitzek.

   Azaldu duenez, "proiektu honen muina ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea izango da, kongresua topagune izatetik, elkarlanerako esparru bat izatea ahalbidetuz. Ikerketarako esparru berriak irekitzea bultzatu nahi du, lan alor eta bide berriak zabalduz".

   Ikerketa proiektuen deialdia ikertzaile gazteei bideratuta egongo da eta proiektuak proposatzeko epea irailera arte egongo da zabalik. Ikerketa proiektuak diziplina artekoak izango dira. Diziplina artekotasunari erantzuteko, gutxienez hiru ikertzailek osatutako taldeak izango dira deialdira aurkez daitezkeenak.

   Ikerketa proiektuen ebaluazioa egonkortutako ikertzaile talde batek egingo du, proiektuaren interesa, egingarritasuna, originaltasuna eta aplikagarritasuna moduko irizpideak kontuan hartuz. Ikertzaile taldeak 18 hilabeteko epea izango du aukeratzen den proiektua aurrera eramateko, 2023ko urritik 2025eko martxora arte.