Ikusmen urritasuna duten ikasleei hezkuntza arreta ematen jarraitzeko lankidetza berritu dute Jaurlaritzak eta ONCEk

Bildarratz ONCEren Bilboko egoitzan.
IREKIA
Publicado: miércoles, 14 diciembre 2022 16:28

BILBO, 14 Dic. (EUROPA PRESS) -

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Juan Carlos Andueza ONCEren Euskadiko lurralde ordezkariak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena berritu dute, Bilbon, Euskadiko ikastetxeetan dauden ikasle itsuei edo ikusmen urritasun larria dutenei arreta ematen jarraitzeko.

Bi hamarkadatik gorako ibilbidea egin duen lankidetza hori ikusteko urritasuna duten ikasleak barne hartzeko hiru baliabide zentroetan gauzatzen da batez ere. Hitzarmenaren bidez, bi erakunde sinatzaileek baliabide zentroen eta ikasleen esku jartzen dituzte beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak, bai eta euren zerbitzuak eta aholkularitzak ere, ikusteko urritasuna duten ikasleen hezkuntza inklusioa eraginkorra izan dadin, bai eta irakasleen ezagutzak eguneratzeko ere.

Baliabide zentro bana dago lurralde historiko bakoitzean. Hezkuntza Sailaren laguntza zerbitzu bat dira, eta ikusteko urritasuna duten ikasleen hezkuntza inklusioaren alde lan egiten dute, hezkuntzaren eta gizartearen esparruan. Baliabide zentroen helburua da neska-mutil horien garapen osoa erraztea, eta horretarako, haien familiekin lankidetzan eta ikasleak eskolatuta dauden ikastetxeetako irakasleekin koordinatuta aritzen dira.

2022-2023ko ikasturtean Euskadiko 485 ikaslek jasotzen dute hiru zentroen arreta. 70 profesional baino gehiago ari dira horretarako zentroetan lanean; batzuk Hezkuntza Sailaren mende dauden langileak dira, eta beste batzuk ONCEren laguntzaile espezializatuak.

Asteazken honetan ONCEren Bilboko egoitzara egin duen bisitan, Bildarratzek eta Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordea ONCEk ikasle horiei ematen dizkien zerbitzuak ezagutu ahal izan dituzte, besteak beste, maileguan uzteko teknologia eta material egokituak (tifloteknologia) edo braillen edo erliebean egindako agiriak edo agiri soinudunak.

Alde horretatik, ONCEk profesional espezifikoak jartzen ditu lankidetza honen esku, besteak beste, irakasle tifloteknikoak, mugikortasuna, eguneroko bizitza eta ikusmena errehabilitatzeko teknikariak, gor-itsutasuna duten ikasleen arreta eta gelarako aipatutako egokitzapenak, baliabide zentroetarako materialarekin batera.