Jose Migel Barandiararen lanaren inguruko hitzaldi zikloa antolatu dute Bilbon

Actualizado 2015/01/26 14:32:31 CET

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Jose Migel Barandiaran Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hitzaldi ziklo bat antolatu dute, Jose Migel Barandiararen jaiotzaren 125. urteurrena dela eta. Hitzaldiotan, antropologo, etnografo eta arkeologo ataundarrak eginiko lana ezagutarazi eta hari buruz eztabaidatu nahi da.

   "Jose Migel Barandiaran (1889-1991). 125. urtemuga" izeneko zikloa urtarrilaren 29an eta otsailaren 5, 12 eta 19an egingo da, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean kokatuta dagoen Ondare aretoan.

   Antolatzaileek azaldu dutenez, Barandiaranek hasitako kudeaketaren ildo beretik gaur egun lanean ari diren zenbait ikertzailek parte hartuko dute zikloan, hala nola Juan Carlos Lopez Quintanak, Joseba Rios Garaizarrek, Diego Garate Maidaganek edo Alvaro Arrizabalaga Valbuenak. Askotariko gaiak lantzeko asmoarekin planteatu da zikloa, eta, aldi berean, jorratuko diren gaiak gaurkotasun handikoak eta elkarren osagarriak izango dira.

   Lehen hitzaldia urtarrilaren 29an izango da, 19:00etan. Juan Carlos Lopez Quintanak (AGIRI Arkeologia Elkartea) emango duen mintzaldian, Santimamiñe proiektuaren (1918-1926) jatorria eta esanahia azalduko dira Euskal Historiaurrearen abiapuntua den aldetik.

   Bigarren hitzaldia otsailaren 5ean izango da, 19:00etan, Joseba Rios Garaizarren (CENIEH) eskutik. Bizkaian aire zabaleko historiaurreko aztarnategiak aurkitzeko eta induskatzeko lan zailak laburbilduko ditu, Jose Migel Barandiaranen urratsei jarraituz eta aurkikuntza berriak baliatuz.

   Halaber, Diego Garate Maidaganek (Bizkaiko Arkeologi Museoa) Euskal Herriko historiaurreko artearen arloko azken aurrerapenak erakutsiko ditu, aurkikuntza berrienen bidez, otsailaren 12an, arratsaldeko 19:00etan.

   Azkenik, hitzaldi zikloa bukatzeko, otsailaren 19an, Alvaro Arrizabalaga Valbuenak (EHU) Jose Migel Barandiaranek Bizkaiko aztarnategietan eginiko lanei buruzko laburpen historiografikoa egingo du, 19:00etatik aurrera.