Kulturarteko Galerna jaialdia ospatuko da maiatzaren 18an Bilbon

Kulturarteko Galerna jaialdia.
BILBOKO UDALA
Publicado: sábado, 11 mayo 2024 10:49

BILBO, 11 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak eta KOOP SF 34 gizarte erakundeak Kulturarteko Galerna izeneko jaialdia antolatu dute maiatzaren 18an, San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetako Zubirik 2025 plan bereziaren testuinguruan. Bada, Bilboko auzootan bizi diren kulturen aberastasunaren erakusgarri izango da egun horretan Emakumeen plaza, familia osoarentzako antolatutako 20 jarduera baino gehiagorekin.

Bilboko Udaletik nabarmendu dutenez, hiriko lekurik "kosmopolitenetakoa" osatzen dute San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoek, askotariko auzotarrak baititu, eta jaialdiaren bidez, auzoen irudi ona hedatu eta hiriarentzat eta lurralde osoarentzat daukaten kultura, sormen eta arte eskaintza berezi eta askotarikoa ezagutzera eman nahi da.

Kulturarteko Galerna jaialdiak familia osoarentzako 20 jarduera baino gehiagoko programazioa du, hala nola kulturalak, musikalak, kirolekoak, gastronomikoak edo modakoak. Goizean, adingabeentzako kirol tailerrak egongo dira Athletic Club eta Bilbao Basket taldeekin eta capoeira edo taekwondo moduko kirolekin; arratsaldean, berriz, helduentzak kick boxing, boxeoa, afrofit boxing, kalistenia edo crosscyrille tailerrak izango dira.

Halaber, egunean zehar agertokira igoko dira, besteak beste, Etorkizuna Musikatan elkarteko musikariak, Betto Snay abeslaria eta Salah bakarrizketa egilea. Dantza erakustaldi bat ere izango da, euskal, peruar edo boliviar dantzekin, eta flamenko eta cumbia emanaldiak, henna tatuaje, txirikorda eta aurpegi pinturen tailerrekin batera.

Gainera, Emakumeen plazako espazioetako batean 'Kulturarteko elkarrizketak' egingo dira, Esther Saugga, King Nelson, Malick Fall eta Riddick eduki sortzaileen eskutik. Auzoko gastronomien dastaketak ere izango dira.

Azkenik, argazkilari talde profesional batek argazkiak egingo ditu, eta material hori eta parte hartzaileen eta bisitarien argazki eta bideoak erakusketa ibiltari batean bilduko dira, ExpoDistrito udal programaren barruan, datorren urtean ikusteko.

Contador