Natur Zientzien IV. Topaketan izena emateko epea ireki dute EuskalNaturak eta UEUk

Natur Zientzien IV. Topaketa
UEU
Actualizado: lunes, 28 septiembre 2020 11:31

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

EuskalNatura elkarteak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Natur Zientzien IV. Topaketa antolatu dute. Iruñeko Planetarioan egingo da, azaroaren 7an eta 8an, eta izena emateko epea zabalik dago, doan. Aldi honetan, aldaketa globala Euskal Herrian non eta nola hezurmamitzen den ezagutarazi nahi dute antolatzaileek. "Izan ere, tokiko ingurumen arazoak isilpean geratzen dira maiz, klima larrialdiari lotutako mezuen artean estalita", azaldu dute.

Topaketa bera, Euskal Herriko naturzaleen, natur elkarteen eta ikerlarien topagune izan ohi da, eta komunitatea saretzeko helburuan berretsi dira antolatzaileak. Zientzia euskaraz dibulgatu nahi dute, baita tokiko proiektuak nazio mailan erakutsi ere. Informazio guztia www.nztopaketa.eus web orrian dago.

Formatu ugari erabiliko da hitzaldietan, baina guztiek izango dute komunean aldaketa globalean arreta jartzea. Gehiegi luzatu gabe, lurzoruen erabilera aldaketak, dibertsitate genetikoaren galerak, elikadura burujabetza, ingurumen hezkuntzan aldaketa globala txertatzearen onurak edota komunikabideetan ingurumen arazoek nolako oihartzuna duten landuko dituzte parte hartzaileek.

Poster saioak ere izango du tokia (www.nztopaketa.eus/posterrak). Irekita dago laburpenak bidaltzeko epea, eta urriaren 28a bitarte jasoko dituzte proposamenak. "Saio irekia izango da, malgua, eta guztion ekarpenekin ziur euskal ikerlarien aurkikuntzen, elkarteen lanen eta tokiko ingurumen arazoen bozgorailu bikaina izanen dela", adierazi dute.