Sendagaiak hornitzeko arazoen kudeaketa hobetzeko akordioa sinatu dute EAEko eragileek

Akordioa sinatu duten eragileak.
EUSKADIKO FARMAZIALARIEN ELKARGOA
Actualizado: martes, 2 abril 2024 12:14

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako farmazialarien elkargo ofizialek eta banaketa biltegiek hitzarmen bat sinatu dute sendagai gabezia baten aurrean ahalik eta azkarren jarduteko eta pazienteei kalterik ez egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) farmazia prestazioa bermatuz.

Akordioak berariazko jarduera protokolo bat jasotzen du, eragile guztiak berariazko komunikazio sare batean inplikatzen dituena. Sare horrekin hornidura arazoen kudeaketa eta informazioa hobetzea espero da. Sarea dagoeneko martxan dago, eta errazago egiten du gorabehera bakoitzari buruzko informazioa eskuratzea, horri buruz hartutako neurri arautzaileak jakinarazteko aukera ematen du eta, hala badagokio, hornidura arazoa amaitzeko aurreikusitako data jakinarazteko ere.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakari Milagros Lopez de Ocarizek, Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakari Juan Uriartek, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakari Miguel Angel Gastelurrutiak, Gipuzkoako farmazia banatzailearen zuzendari nagusi Juan Pierak, Novaltia Bizkaiko farmazia zuzendari tekniko Javier Sanchezek; Alliance Healthcare erakundeko farmazia zuzendari tekniko Macarena Ariñok, CENFARTE Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendari Segundo Lasok eta Kofareseko lehendakariorde Mikel Gastearenak sinatu dute akordioa.

Horrela, aurrerantzean, eragile bakoitzak bere eremuan balizko botiken gabezia antzematen duenean, gorabeheraren berri emango dio Eusko Jaurlaritzako Farmazia Zuzendaritzari, eta Zuzendaritza hori arduratuko da, hornidura gabeziaren jakinarazpen bakoitza aztertu ondoren, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziari aldez aurretik identifikatu gabeko egoerak helarazteaz eta agentziari egindako komunikazio bakoitzaren jarraipena egiteaz.

Gainera, Jaurlaritzako Farmazia Zuzendaritza arduratuko da ekintza arautzaileak zehazteaz eta eragile interesdun guztiei zabaltzeaz, berariaz sortutako eta partekatutako gordailu batean erregistratzeaz, une oro jakin dadin hornidura irregularrean dagoen sendagaiaren egoera zehatza eta erreala, eta hornidura arazo egoera bakoitzaren jarraipena egiteaz, pazientearen eskaria bermatuko duen ohiko hornidura berrezarri arte.