UEUk 15 ikastaro eskainiko ditu otsaila eta maiatza bitartean Eibar, Gasteiz, Iruñea eta sarean

"Adingabeak Eta Internet" Da Ikastaroetako Bat
UEU
Actualizado 2017/02/09 11:38:24 CET

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) prest du udaberriko eskaintza "zabala eta anitza" eta, etengabeko prestakuntzara begira, otsaila eta maiatza bitartean 15 ikastaro izango dira Eibarren, Gasteizen, Iruñean eta on line, unibertsitateak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

2001. urtean Eibarko Ikastetxe Nagusia inauguratu zuenetik, urtetik urtera UEUren eskaintza akademikoa ugarituz joan da, bai ikastaro kopuruari dagokionez, zein jorratutako gai eta ildoei dagokienez. Ikastaroak batez ere Eibarren eta Iruñean izaten dira, baina azken urteotan hainbat erakunde zein elkarteekin lortutako hitzarmenei esker gero eta leku gehiagotara iristen dira.

Aurrez aurreko ikastaroekin batera, on line egiten diren ikastaroen eskaintza ere zabala izango da udaberrian. Sarean egiten diren ikastaroek ikaslego potentzial zabalago batengana iristeko aukera ematen dute, norberak erabakitzen baitu non eta noiz, horrek eguneroko bizitzarekin uztartzerako orduan eskaintzen duen malgutasunarekin. Horrela, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunentzako aukera da.

UEUk nabarmendu du bere on line pedagogia eredua "pertsonengan" oinarritzen dela. "Ikasleak eurak dira ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren ardatz eta baliabide teknologikoak pertsonen zerbitzurako garatzen dira. Baliabide teknologiko horien atzean adituak daude, ikasleek irakasleekin harreman zuzena dute eta irakasleek ikasleari ezagutza erakitzeko bitartekoak eskaintzen dizkiete", azaldu du.

Eskaintza osatzeko orduan, UEUk kontuan izaten du bertara hurbiltzen diren ikasleen profila (pertsona heldua, 30-35 urtekoa, unibertsitateko ikasketak egina dituena, lanean dabilena eta emakumea nagusiki), eta hein handi batean, sakontze eta eguneratze ikastaroak prestatu ditu udaberrirako. Partaideen jatorria azken hiru ikasturteetan berdintsua izan da: %50etik gora gipuzkoarra, %34a bizkaitarra eta gainontzeko %15a, Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrikoa.

IKASTAROAK

Horrela ba, udaberriko ikastaroen eskaintzan, "Euskal Mitologia: kultura ondarea", "Kolorezko zenbakiak. Matematika lantzen erregeleten bidez", "Lurraldea ulertu eta aztertzeko beste modu bat. GIS librea eta Geoprozesamendua (QGIS)", "Nola hezi genero berdintasunean eskolaren eremuan" eta "Sormen laborategia" (erdi presentziala) ikastaroak on line eskainiko dira.

Ikasgelako eskaintzari dagokionez, Eibarren egingo dira "Adingabeak eta Internet: arriskuak eta nortasun digitala", "Bizitzaren eskola: askatasunerako pedagogia", "Galerak, heriotza eta dolua haurren hezkuntzan" eta "HTML aurkezpenak egiten Reveal.js plataformarekin" ikastaroak eta TELP (taller d'espai lingüístic personal) tailerra.

Halaber, "Adimen emozionala", "Argazkigintza digitala: zure reflex kamera ezagutzen", "Bulba duten mutilak eta zakila duten neskak, haurren eta gazteen artean" eta "Psikomotrizitatea, mugimendu eta joku librea" ikastaroak Iruñean egingo dira, eta "Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen" Gasteizen izango da.