UEUk 150 ikerlari bilduko ditu IkerGazte biltzarrean, 2015eko maiatzean

Ikergazte biltzarra aurkeztu dute
Foto: UEU
Actualizado 2014/12/11 16:50:55 CET

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) "IkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskaraz" biltzarra aurkeztu du gaur, abenduaren 11n. Proiektuaren helburua ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna areagotu, beraien arteko ezagutza sustatu eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea da. 150 ikerlari biltzeko asmoa dute Durangoko (Bizkai) Landako gunean, 2015eko maiatzaren 13, 14 eta 15ean, eta ekarpenak bidaltzeko epea jada irekita dago.

   Biltzarraren aurkezpena Bilbon egin da, eta bertan izan dira Iñaki Alegria UEUko zuzendaria, Miren Josu Omaetxebarria ikertzaile eta biltzarraren arduraduna, Olatz Perez de Viñaspre IXA taldeko ikertzailea eta Estitxu Garai Euskal Herriko Unibersitateko (EHU) ikertzailea.

   Horrela, programa akademikoari dagokionez, Ikergazte biltzarraren egitarauan lau saio mota egongo dira: hitzaldi orokorrak, ahozko komunikazioak, posterrak eta tailerrak. Hitzaldi orokorrak parte hartzaile guztien interesekoak izango dira, ikerketari orokorrean edo euskarazko ikerketari eta baliabide orokorrei lotutakoak.

   Ahozko aurkezpenak eta posterrak ikertzaileek aurkeztutako ekarpenak azaltzeko egingo dira. Beraz, bertan, tesiak eta tesinak (bukatuak zein bidean), bukatutako proiektuak (emaitza zehatzak dituztenak) eta ondorengo ikerkuntzan landutako proiektuak (doktoradutza lortu osteko ikerkuntza) aurkeztuko dira.

   Bilkura ez espezializatua izanik, ez dira testu edo aurkezpen oso espezializatuak eskatuko, eta bost jakintza arloetan banatutako aurkezpenak izango dira, paraleloan programatuko direnak. Ahozko eta posterretako programa arlokako batzordeek erabakiko dute.

   Halaber, tailerrak jakintza arloen arteko harremanak lantzeko tresnak izango dira, eta mahai inguru, ekintza praktiko zein hitzaldi motakoak izango dira.

EKARPENAK

   Miren Josu Omaetxebarria biltzarrareko arduradunak azaldu du tesia bukatzear edo bukatu berri duten ikertzaileek ekarpenak aurkezteko epea zabalik dutela 2015eko otsailaren 16ra arte. Hautatutako artikuluak ISBNa izango duen argitalpen digital batean agertuko dira eta, Euskal Herriko hainbat argitaletxerekin lankidetzan, batzuen bertsio hedatuak aldizkari espezializatuetan argitaratzeko aukera ere egongo da.

   Bidalitako lanak jarraian zerrendatutako ikerketa gai nagusien gainekoak izango dira: Giza Zientziak (Historia, Hizkuntzalaritza, Filosofia, Artea, Antropologia); Gizarte Zientziak (Ekonomia, Enpresa, Zuzenbidea, Soziologia, Kazetaritza, Komunikazioa, Pedagogia, Psikologia); Zientzia Zehatzak eta Natur Zientziak (Fisika, Kimika, Geologia, Matematika, Biologia); Ingeniaritza eta Arkitektura (Industria-Ingeniaritza, Telekomunikazioak, Informatika, Arkitektura); eta Osasuna (Medikuntza, Erizaintza, Farmazia).

   Artikuluak euskaraz idatzita egongo dira eta egitura zehatza bete beharko dute ebaluatuak izango badira: sarrera / momentuko egoera; ikerketaren helburuak; ikerketaren muina eta ondorioak; etorkizunerako planteatutako norabidea; eta erreferentziak (eta bere kasuan nazioartekotasun aldetiko aipamena).

   Artikuluak oinarrietan zehaztutako ereduari jarraituz eta pdf formatuan bidaliko dira eta sei eta zortzi orriren artekoak izango dira. MS Word, LibreOfficen eta Latex txantiloiak egongo dira eskuragarri lana bertan txertatu dezazuen. Artikuluak taulak eta irudiak baditu hauek aparte bidaliko dira .gif edo .jpg formatuan. Artikuluaren bidalketa www.ueu.eus/ikergazte webgunearen bidez egingo da.

   Batzorde zientifikoak bidalitako lanen alorrez alorreko ebaluazioa burutuko du eta arlo bakoitzeko hamar bat lan aukeratuko dira ahozko aurkezpenetarako. Arlo bakoitzetik beste hamar bat lan hautatuko dira poster moduan aurkezteko.

   Berrikusketaren emaitza eta poster edo hitzaldirako hautatua izan den, 2015eko martxoaren 10erako jakinaraziko zaio egileari, eta posterren egituraren argibideak ere jakinaraziko dira orduan.

ELKARREN BERRI

   Iñaki Alegriak UEUrentzat Ikergazte biltzarrak duen garrantzia azpimarratu du, eta hasieratik erakundearen "helburu garrantzitsuenetako bat" euskal komunitate zientifiko intelektuala trinkotzea izan dela nabarmendu. Bere hitzetan, elkarren berri izatea "ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikerlariak hain sakabanatuta egonda".

   Bestalde, Olatz Perez de Viñaspre ikertzaileak Ikergazte terminoaren esanahia eta biltzarraren helburuak azaldu ditu. Horrela, Ikergaztek "ikerketa ibilbide gaztea" adierazi nahi duela esan du, hau da, tesia bukatzen edo doktoratu ostean lanean dauden ikertzaileei egiten die erreferentzia. Izenaren bigarren zatiak, berriz, ikertzaile euskaldunek egiten duten ikerkuntzari egiten dio erreferentzia.

   Estitxu Garai ikertzaileak biltzarrak ikerketa munduan hasiberriak direnentzat duen garrantzia azpimarratu du, eta "Euskal Herriko ikerlarien komunitatea saretzeko abiapuntu bikaina" izango dela azpimarratu du. Horrez gain, "euskara ikerketa munduaren erdigunean" kokatzeko balio izango duelka ziurtatu du.