UEUk 25 ikastaro eskainiko ditu udazkenean, Eibarren, Gasteizen, Iruñean eta on line

UEUko ikastaro bat
UEU
Actualizado: martes, 11 septiembre 2018 12:49

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) prestatu du udazkeneko eskaintza, "zabala eta anitza", eta, etengabeko prestakuntzara begira, 25 ikastaro eskainiko ditu Eibarren, Gasteizen, Iruñean eta on line. Matrikula egiteko epea zabalik dago jada, UEUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

UEUk Eibarko Ikastetxe nagusia 2001ean inauguratu zuenetik, urtetik urtera bere eskaintza akademikoa ugarituz joan da, bai ikastaro kopuruari dagokionez, bai jorratutako gai eta ildoei dagokienez. Ikastaroak batez ere Eibarren eta Iruñean izaten dira, baina azken urteotan hainbat erakunde zein elkarteekin lortutako hitzarmenei esker gero eta leku gehiagotara iristen dira.

Aurrez aurreko ikastaroekin batera, sareko ikastaroen eskaintza ere zabala izango da udazkenean. On line ikastaroek ikaslego potentzial zabalago batengana iristeko aukera ematen dute, norberak erabakitzen baitu non eta noiz, horrek eguneroko bizitzarekin uztartzerako orduan eskaintzen duen malgutasunarekin. Gainera, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunentzako aukera da.

UEUren on line pedagogia eredua "pertsonetan oinarritzen da". "Ikasleak eurak dira ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren ardatz eta baliabide teknologikoak pertsonen zerbitzurako garatzen dira. Baliabide teknologiko horien atzean adituak daude, ikasleek irakasleekin harreman zuzena dute eta irakasleek ikasleari ezagutza erakitzeko bitartekoak eskaintzen dizkiete", azaldu dute.

Eskaintza osatzeko orduan, UEUk kontuan izaten du bertara hurbiltzen den ikaslearen profila (pertsona heldua, 30-35 urtekoa, unibertsitateko ikasketak egina dituena, lanean dabilena eta emakumea nagusiki), eta, hein handi batean, "sakontze eta eguneratze ikastaroak" prestatu ditu udazkenera.

Partaideen jatorria azken hiru ikasturtean berdintsua izan da: %50etik gora gipuzkoarra, %34 bizkaitarra eta gainontzeko %15, Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrikoa. Hala ere, azken bi urteotan nafarren igoera nabarmena izan da. Etengabeko prestakuntza eskaintza honetan ikasturtean batez beste 400 ikaslek parte hartuko dute.