"Kalebegiak" filma hautatu dute Nanteseko Espainiar Zinemaren Jaialdiaren amaierarako

"Kalebegiak" Donostia Zinemaldia
DONOSTIA 2016
Actualizado: viernes, 31 marzo 2017 11:39

DONOSTIA, 31 (EUROPA PRESS)

Donostia 2016 eta Moriarti Produkzioak ekoitzitako "Kalebegiak" filma aukeratu dute Nanteseko Espainiar Zinemaren Jaialdiaren amaiera ekitaldirako. Gainera, filma Ipar Euskal Herriko aretoetan egongo da ikusgai datorren astetik aurrera, Donostia 2016k jakinarazi duenez.

"Kalebegiak" Gipuzkoako hiriburuaren "erretratu kaleidoskopikoa" da, profesional ezagunek eta etorkizun handia duten tokiko zinemagileek ondua, eta orain Frantziako zinema aretoetara iritsi da, Nanteseko Zinema Espainiarraren Jaialdiaren amaiera ekitaldian izango baita.

Gainera, bertan izango dira Miren Azkarate Donostiako Kultura zinegotzia, Pablo Berastegi Donostia 2016 Fundazioko zuzendari orokorra eta Mitxel Gaztanbide "Kalebegiak" proiektuaren koordinatzaileetako bat -bestea Jorge Gil da-.

Bestalde, filmaren emanaldi bereziak egingo dira datorren astelehenetik, apirilaren 3tik, Ipar Euskal Herriko aretoetan, hain zuzen ere, Donibane Lohitzunen, Maulen, Kanbon, Donibane Garazin, Donapaleun eta Hazparnen. Data horretatik aurrera areto gehiagotan ikusi ahal izango da.

Filma dagoeneko hainbat zinemalditan eman dute, esaterako, Key West Film Festival jaialdian. Nazioarteko zinemaldi gehiagorako ere hautatu dute: Nijmegen Film Festival-en (Herbehereak) apirilaren 8an emango dute, eta Erresuma Batuko ¡Viva! Espainiari eta Latinoamerikari buruzko jaialdian, berriz, apirilaren 10ean eta 13an.

PROIEKTU KOLEKTIBOA

"Kalebegiak" proiektu kolektiboa da, Donostian kokatutako edo inspiratutako 12 istoriok osatua. Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Daniel Calparsoro, Iñaki Camacho, Las chicas de Pasaik (María Elorza eta Maider Fernández Iriarte), Borja Cobeaga, Telmo Esnal, Isabel Herguera, Ekain Irigoien, Julio Medem, Izibene Oñederra, Gracia Querejeta eta Imanol Uribe zinemagileek parte hartu dute. "12 zatiokin osatu da pantailan hain ondo ematen duen Donostiaren erretratua", adierazi dute Donostias 2016tik.

Gainera, belaunaldi desberdinetako profesionalak bildu dira, eta grabaketa bakoitzeko parte hartzaileen erdia gutxienez proiektuaren ideia sortu zen Larrotxene Kultur Etxeko ikasleak dira. Donostia 2016 eta Moriarti Produkzioak talentu berriari balioa ematen ahalegindu dira, eta zinemagile gazteei aukera eman diete Imanol Uribe, Julio Medem, Gracia Querejeta eta Daniel Calparsoro eskarmentu handikoekin batera proiektu berean aritzeko.

Dokumentala, animaziozko zinema eta fikzioa baliatu dira proiektuan. Hala, estilo aniztasuna nahita bilatu da, bai eta proiektu aberasgarriagoa lortu ere.