Amara Berriko Eguna bigarren aldiz ospatuko da Donostian, larunbatean

Europa Press País Vasco
Publicado: miércoles, 19 octubre 2022 18:02

DONOSTIA 19 Oct. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Amara Berri auzoko hainbat elkarte eta gizarte eragilek bigarren aldiz antolatu dute Amara Berriko Eguna, larunbatean, urriaren 22an. Topaketan, auzoko erakundeek beren lana ikusarazi nahi diete auzotarrei, eta haien arteko komunikazioa bultzatu.

Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, ekimena iaz egin zen aurreneko aldiz, eta Amara Berriko Auzo Mahaiko bilera batean sortu zen. Bertan, elkarteen lanari balioa emango zion topaketa antolatzeko eta auzoari bizia emateko aukera ikusi zen.

Bada, larunbatean, 10:00etatik 14:30era, Armeria plazan adin guztietarako hainbat jarduera eta ekitaldi antolatu dira. Txistulariak, trikikitilariak, dultzaineroak, musika taldeak, dantzak eta antzerkia, puzgarriak eta jolasak izango dira txikienentzat.

Amara Berri Auzo Elkartea, Ilunki Elkartea, Ikasbide Kultur Elkartea, Arcco, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, Politekniko institutua, Scientia Karmelo Guraso Elkartea, Chernobyl Elkartea, Berritsu elkartea, Gobernu Zibila plataforma, Kichwa Otavalo elkartea eta Donostiako Udaleko Herritarren Partaidetza Zerbitzua dira ekimeneko talde eragilearen kideak.

Auzo Mahaia Donostiako Udaleko Herritarren Partaidetzako Zerbitzuak sustatutako espazioa da, eta auzoetako elkarte zein entitateek, beren jardun eremutik harago, bertako kohesio soziala areagotzera bideratutako gogoetak partekatu, proiektuak diseinatu eta gauzatzeko lan egiten du. Ildo horretan, esparru soziokulturalean hobekuntzak bilatzen ditu, betiere, ikuspegi komunitariotik, eta aniztasuna bermatzen saiatuz.

Amara Berriko Auzo Elkartea 2020. urtean jaio zen, eta orain arte honako elkarte eta entitate hauek osatzen dute: Amara Berriko Auzo Elkartea, Gipuzkoako Merkataritza Fererazioa, ARCCO, Ikasbide Elkartea, Ilunki Elkartea, Chernobyl Elkartea, Urrats euskaltegia, Gobernu Zibila kultur etxe plataforma, Easo Politeknikoa, Katalin ikastetxea, Amara Berri ikastetxeko Guraso Elkartea eta Donostiako Udala.

Contenido patrocinado