BILBO 29 (EUROPA PRESS)
'Euskararen Kriseilua' dinamika jarriko da martxan Bilboko 12 ikastetxetan azaroaren 21era bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak elkarlanean garatzen duten 'Bizkaian bagara. Berbak zubi' programaren baitan. Egitasmoak familien hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egin eta ohitura horiek euskarara hurbiltzea du helburu, eta 496 haurrek parte hartuko dute.
Aurkezpenean azaldu dutenez, 'Bizkaian bagara. Berbak zubi' programak euskararen erabileraren inguruan askotariko herritarrak aktibatzea eta antolatzea du helburu, eta horretarako, Bizkaiko Aldundia eta Taupa elkarlanean arituko dira 2027. urtera bitartean.
"Euskararen erabileran beharrezkoa den goranzko jauzia eman dadin euskararen aldeko komunitate aktiboak indartu nahi dira programarekin. Erabileraren aroan gaude eta erronka ez da bakarrik euskararen aldeko jarrera indartzea, baizik eta hizkuntza ohituretan eragiteko eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea", adierazi dute.
Bada, euskararen aldeko tokian tokiko sarea zabaldu eta aberasteko asmoarekin, 'Euskararen Kriseilua' abiatu da Bilbon. Familien hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egin eta ohitura horiek euskarara hurbiltzea helburu duen ariketa parte hartzailea da, "etxeko hizkuntza ohiturek eta jarrerek sekulako eragina baitute euskararen erabileran eta etxeko txikiei berau transmititzeko ardura denona baita".
Egitasmoaren bitartez, tokiko familiak "suaren zaindari" izatera gonbidatuko ditu kriseiluak, "euskara gehiago erabiltzeko erronkak hartzeko gonbidapena eginez euskararen garra sekula itzali ez dadin".
Artxandape Ikastola, Pagasarribide IPI, Fray Juan Ikastetxea, Intxixu Ikastola, Iruarteta BHI, San Ignazio Eskola, Tiboli Eskola, Uribarri Eskola, Urretxindorra Ikastola, Zazpilanda Eskola, Zurbaran HLHI eta Zurbaranbarri HLHI dira dinamikan parte hartuko dute ikastetxeak.
"Kriseiluaren bidez, euskararen transmisio emozionala eta etxeko hizkuntza ohituretan eragiteko aukera zabaltzen dira, herriz herri, auzoz auzo, komunitatea aktibatuz eta erabilerarako sua pizten lagunduz", nabarmendu dute.