BILBO 15 (EUROPA PRESS)
Durangoko Azokak 12 eta 17 urte bitarteko gazteekin ikastetxeetan lantzeko euskal kulturari buruzko unitate didaktikoa prestatu du Ikastolen Elkartearekin elkarlanean. Proposamenetako zenbait jarduera LH 5. eta 6. mailetako ikasleekin ere lantzeko modukoak dira, taldearen ezaugarrietara eta aurretiazko ezagutzetara egokituta.
Proposamena baliatuz, ikasleek Durangoko Azoka sakonago ezagutzeko eta euskal kulturan murgiltzeko aukera izango dute, jolasaren eta hausnarketaren bidez eta euren herriko edo inguruko testuingurutik abiatuta, Durangoko Azokako arduradunek azaldu dutenez.
Unitate didaktikoak hiru fasetan antolatutako ibilbide malgua proposatzen du eta guztira hamar jarduera jasotzen ditu. Ez da beharrezkoa jarduera guztiak egitea: irakasleek eta ikasleek euren testuinguruaren eta interesen arabera diseinatu ahal izango dute ibilbidea, proposatutako jardueren artean hausnarketak eginez.
Lehen fasea, 'Girotzen eta berotzen' izenekoa, Durangoko Azoka hasi aurretik egingo da, eta azokaren unibertsoan murgiltzea eta ikasleen aurretiazko ezagutzak eta motibazioa piztea du helburu. Besteak beste, ikasleen kultur zaletasunak aztertzeko, Durangoko Azoka ezagutzeko eta euskal kulturan erreferente diren sortzaileak ikertzeko jarduerak proposatzen dira.
Bigarren faseak, 'Plazara!' izenekoak, ekintzara igarotzeko proposamena egiten du, ikasleak Durangoko Azokara bertaratu edo ikastetxean bertan azokako giroa birsortuta. Hiru jarduera jasotzen ditu: Durangoko Azokaren Kultur Alfabetoa (DAKA), testu eta sormen lanen inguruko jolas literarioak eta kultur ekoizpenen arteko loturak aurkitzea. Horien artean bi erronka egongo dira: batetik, PortaDA!, disko eta liburu azalekin argazkiak sortzeko; bestetik, mikro-kontakizunak idazteko erronka.
Azkenik, 'Mamiari tiraka' faseak azokaren ondoren emango dio jarraipena ikaste esperientziari. Bi jarduera proposatko dira, bizitakoaren inguruko sorkuntza eta hausnarketa partekatua lantzeko. Horien artean, ikastetxean euskal kulturaren erreferente aktibo bihurtzeko eta ikasle eta irakasleen arteko hausnarketa kritikoa sustatzeko jarduerak daude.
LOTURA KONTZIENTEA
Proposamen didaktikoak euskararen eta euskal kulturaren arteko lotura kontzientea lantzea du helburu eta kulturaren ezagutza eta sentsibilizazioa sustatu nahi ditu ikasleen artean. Horretarako, jolasak, talde-lanak eta hausnarketak hartzen ditu oinarri, eta kulturaren lanketa ez du 'Euskara eta Literatura' arlora mugatzen, curriculuma osatzen duten hainbat jakintza arlotara zabaltzeko proposamena baita.
Unitateak, gainera, Durangoko Azokan parte hartzen duten kultur eragileak eta haien lanak ezagutzeko aukera ematen du, baita ikasleen inguruan euskal kulturgintzan diharduten sortzaile eta taldeak ezagutzeko ere. Horrela, azoka abiapuntu hartuta, ikasleek kulturaren inguruko hausnarketa egitea eta eurek ere kulturari egin diezaioketen ekarpena proposatzea bilatzen da.
Durangoko Azokaren eta Ikastolen Elkartearen arteko elkarlanaren emaitza den proposamen didaktikoa Euskal Herriko hezkuntza komunitatearen eskura jarri da, ikastetxe bakoitzak bere behar eta interesen arabera egokitu dezan.