"Elhuyar" aldizkaria kalean da, diseinu eta formatu berriekin

"Elhuyar" Berritua Kalean Da
JOSU WALIÑO
Actualizado: jueves, 30 noviembre 2017 14:28

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

"Elhuyar" aldizkaria kalean da jada, diseinu eta formatu berriekin. Hala, lehen baino txikiagoa, garbiagoa eta erosoagoa da, "irakurtzeko eta eskutan ibiltzeko atseginagoa". Urteko harpidetza 16 euro da. Lau zenbaki argitaratzen dira paperean, eta egunero eskaintzen dira eduki berriak webgunean, bere arduradunek ostegun honetan adierazi dutenez.

Edukia ere eraberritu du aldizkariak, neurri batean. Izan ere, betiko helburuari eusten dio, hau da, zientzia eta teknologia munduan gertatzen denaren berri ematea, era zorrotz eta entretenigarrian. Orain, baina, orri gehiago ditu, eta "zientzialariek berek dute lehentasuna, pertsonek".

Hala, elkarrizketak, analisiak, iritzia eta ikertzaileek egindako artikuluek osatzen dute aldizkaria. Horrez gain, gaurkotasuneko erreportajeek eta albisteek ere leku nabarmena dute. Bestelako atalak ere baditu aldizkariak, hala nola "Istorioak", zientziaren historiaren pasarteekin, edo "Ikusmiran", kalitate handiko zientzia argazkiekin.

Aldizkari berrituaren lehen zenbakian, Eva Poveda Lopez birologoa da elkarrizketatu nagusia. Hiesaren birusean aditua da, eta, hain zuzen, ostiralean ospatuko da Hiesaren aurkako Nazioarteko Eguna.

Erreportajeak, berriz, hauek dira: "Gorputza ere bagara", gorputzaren bidezko bizipenek garunean eta haren funtzioetan duten garrantziari buruzkoa, eta "Tinto ibaia, beste mundu bat", Tinto ibaiko berezitasunen eta han egiten diren ikerketen gainekoa.