Etxepare Institutuak 654.000 euro banatuko ditu aurten euskal kultura kanpoan zabaltzeko diru laguntzetan

Archivo - Dantzariak
AYTO. BILBAO - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 4 abril 2025 12:20

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Etxepare Euskal Institutuak 654.000 euro bideratuko ditu aurten AT! euskal kultura kanpoan zabaltzeko diru laguntzetara, lau deialditan banatuta. Laguntzen helburua da Euskal Herritik kanpo euskal kultur eta sormenaren posizionamendua indartu, bere presentzia eta ikusgarritasuna sendotu eta nazioarteko kultur eragileekin saretze lana bultzatzea.

Bada, Etxepare Euskal Institututik jakinarazi dutenez, antzerkia, dantza, musika eta arte plastiko eta bisualen sortzaileen mugikortasuna sustatzeko diru laguntzak irailaren 30a bitarte eskatu ahal izango dira, eta 2025ean zehar Euskal Herritik kanpoko jaialdi, kulturgune, programazio edo jarduera zehatzetan) parte hartzeko mugikortasun gastuak, ostatua eta dietak ordainduko dira.

Diziplina artistikoaren arabera, lau prozeduratan banatu da deialdia, eta guztira 511.000 euroko zuzkidura du: AT! Antzerkia 166.000 euro, AT! Dantza 90.000 euro, AT! Musika 175.000 euro erta AT! arte plastikoak eta ikusizkoak 80.000 euro.

Azken urteetan bezala, deialdiak izaera automatikoa izaten jarraituko du, prozedura bizkortu eta sortzaileen ziurgabetasuna murrizteko asmoz. Horrela, laguntzak baldintzak betetzen dituzten eskabideen artean banatuko dira, aurrekontu zuzkidura agortu arte, eta ez da balorazio batzorderik egongo.

Halaber, sortzaileen likidezia beharrei modu egokiagoan erantzuteko xedez, ordainketaren erdia hasieran jasoko dute eskatzaileek, eta beste erdia, zuriketa egin ondoren.

Bigarren deialdia, zinema eta literaturaren alorreko sortzaileen mugikortasuna sustatzeko diru laguntzena (AT! Zinema, AT! Literatura), abenduaren 31ra arte edo zuzkidura amaitu arte eskatu ahal izango da. Orotara 30.000 euroko zuzkidura du.

Laguntza honen bidez, diziplina hauetako sortzaileek beren lana aurkezteko gonbidatuak izan diren ekitaldietan parte hartzeko ostatu eta garraio gastuak ordaindu ahal izango dituzte. Zinemaren kasuan, nazioarteko dimentsioa duten jaialdiak onartuko dira soilik, eta film laburrak aurkezteko bada, Oscar sarietarako puntuatzen duten festibalak bakarrik.

Ostiral honetatik abian dagoen antzerkia, dantza, musika eta arte plastiko eta bisualen alorreko mugikortasunerako diru laguntzen deialdia lehiarik gabekoa izan arren, aurreko urteetan erabili diren balorazio irizpideak oinarri hartuta, Etxepare Institutuak bilatzen dituen helburuen arabera puntuatuko da, helburu nagusia dela oinarrizko baldintzak betetzen dituzten proiektu guztiak laguntzea.

Gauzak horrela, honako hauek izango dira diru laguntzen kopuruak zehazteko irizpide ardatzak: jarduera hartuko duen testuinguruaren oihartzuna edo prestigioa, proiektuaren autofinantzaketa maila, euskararen presentzia proiektuan, genero irizpidea, eta eskatzailearen presentzia digitala.

Literatura eta zinema alorreko mugikortasunerako diru laguntzen kasuan, berriz, eskaerak jaso ahala ebatziko dira, diru zuzkidura agortu arte edo epea amaitu arte.ç

HARTZAILEAK

Diru laguntza hauek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) errolda edo egoitza soziala duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte. Gainera, zabaldu nahi den lanaren komunikazio hitza euskara den kasuan, sozietate egoitza edo helbidea Euskal Herrian kokatuta duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira, hau da, egoitza Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dutenak ere.

Halaber, maiatzean zehar, baina oraindik datarik gabe, irabazi asmorik gabeko nazioarteko kultur jarduerak sustatzea xede duen diru laguntzen deialdia plazaratuko da, bi prozeduratan banatuta.

Alde batetik, AT! euskal dantza eta abesbatzak deialdia dago, talde horien nazioarteko proiektuak babestea xede duena, eta 30.000 euroko zuzkidura izango du.

Beste alde batetik, AT! euskal kultura deialdian, Etxepare Euskal Institutuaren gainerako deialdien babesean laguntzarik jaso ezin dutenak egitasmoak burutzeko eskatu ahal izango dira laguntzak, eta 20.000 euroko zuzkidura izango du.

Amaitzeko, beste 63.000 eurorekin lagunduko dira literatura-itzulpenak. Deialdi hori ere, AT! literatura-itzulpenak izena daramana, maiatzean zehar argitaratuko da.

Hain zuzen, deialdi honen bidez bi itzulpen jarduera lagunduko dira: jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-lanak edozein hizkuntzatara itzultzea eta EAEn erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-lanak euskara ez den beste edozein hizkuntzetara itzultzea.

Contenido patrocinado