EUSKADI.-"Poltsiko musika" zikloak musika arabiarra, rock klasikoa eta bossa nova bezalako estiloak eskainiko ditu Bilbon

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 2 octubre 2008 16:19

BILBO 2 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak "Poltsiko musika" programaren laugarren edizioa abiarazi du, azken musika-joerak jendeari helarazteko asmoz. Urria osoan, Barrainkuako Udaltegian, doako bost emanaldi antolatuko dira, genero eta musika-estilo askotakoak, musika arabiarra, Latinoamerikako kantu tradizionalak, jazza, bluesa eta bossa nova tarteko direla, baita pop eta rockeko klasikoen bertsio berriak ere. Kontzertu guztiak ostiraletan egingo dira, 20:00etan, sarrera doakoa izanik.

Zikloa bihar hasiko da, musika arabiarra egiten duen Almaqam taldearen kontzertuarekin. Laukote hau Mustapha Agharban banjo-jotzaile eta kantari marokoarrak, Vladimir Teram perkusio-jotzaile kolonbiarrak, Sabine Dunkel txirula-jotzaile alemaniarrak eta baxua jotzen duen Eduardo Fernandez euskal herritarrak osatzen dute. Talde honen kantuek gai unibertsalak jorratzen dituzte.

Bigarren emanaldia The Remakes hirukote akustikoak eskainiko du, urriaren 10ean. Bertaratutakoek, musikaren 1960ko hamarkadaz geroko historia errepasatzeko aukera izango dute, Javier Maquedak (ahotsa eta gitarra), Jon Zuazolak (baxua) eta Susok (bateria) pop eta rockeko kantu ezagunen bertsioak tartekatuz prestatu duten errepertorioari esker.

Urriaren 17an, Aitor eta Jesus Ayesta anaiek osatzen duten Los hijos de Juana bikote bilbotarraren txanda izango da. "De boca en boca" izenburupean argitaratu duten lehenengo diskoaren ondoren, Barrainkuako Udalegiko eszenatokian zuzenean erakutsi ahal izango dute nolako soinuak ateratzen dituzten beren gitarra elektrikoek.

Bluesa, jazza eta bossa novaren zaleek Patricia Perez-Yarzaren ahots apartaz gozatzeko aukera izango dute hilaren 24an. Jaioterrirako itzulera honetan, Jackie Revlon proiektua berreskuratu du; bertan, Alex Larrazabal piano-jotzailea eta Aritza Castro bateria-jotzailearen laguntzaz, liluraz eta sentsualtasunez betetako giroa sortuko du, interpretazio bakoitzari eransten dion ahalegin eta goxotasunari esker.

"Poltsiko musika" zikloaren laugarren edizio hau urriaren 31n amaituko da, Igela Manuelak kantu tradizionaletan zehar proposatzen duen ibilbide musikalaren bitartez. Aintzane eta Nerearen ahotsek osatutako bikote honek (horrez gain, perkusio-jotzailea eta teklatu-jotzailea dira, hurrenez hurren) Argentina, Bolivia, Peru, Brasil eta Uruguaiko folklorera hurbilduko dute ikuslea, euskal musika herrikoiaren ukituak gaineratuz ozeanoaz bestaldeko doinu eta erritmoei.

Contenido patrocinado