DONOSTIA 29 (EUROPA PRESS)
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen lehenengo bueltako bigarren saioa jokatuko da larunbatean, urriaren 31n, Eibarko (Gipuzkoa) Ipurua kiroldegian. Saioko sarrerak dagoeneko amaitu dira, eta plataformetan eta telebistan jarraitzeko aukera izango da saioa (bertsoa.eus webgunea, ETB ON eta ETB 2 ON).
Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, saioa 17:00etan hasiko da eta, Igotz Alkorta Irastorza gai-emailearekin batera, Alaia Martin Etxebeste, Asier Azpiroz Iztueta, Nerea Elustondo Plazaola, Nerea Ibarzabal Salegi, Miren Artetxe Sarasola eta Oihana Iguaran Barandiaran bertsolariak izango dira oholtzan.
Fase honetako epaileak, aldiz, Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Estitxu Agirre Agirre, Karlos Ibarguren Olalde, Lur Renteria Maleta eta Mikel Beaumont Arizaleta izango dira.
Bestalde, antolakuntzak, ahal dela, garraio publikoan joateko eskaria egin du. Izan ere, finalaurekoa Ipurua kiroldegian izango da, eta Eibar SD taldearen futbol zelaia gertu dago eta larunbatean partida jokatuko du 16:15ean hasita. Bada, saioa hasterako partida azkenekotan izango da eta autoak aparkatuta izango dituzte futbol zaleek.
Horrelako saio jendetsuetan dagoeneko zaila izaten da auto ilarak ekiditea eta aparkatzeko aukerak erraz eta eskura izatea; bada, horrelako ekitaldi bat gertu izanik, are zailagoa. Hori horrela, antolakuntzak, ahal dela, garraio publikoan joateko eskaria egin du. Autoz joan behar dutenei, hauek ere posible duten heinean, periferian aparkatzeko eta oinez zein garraio publikoz gerturatzeko gomendatu diete.