Euskaltzaindiak jardunaldia egingo du azaroaren 13an Bilbon Atxagaren 'Ziutateaz' lanaren 50. urteurrena dela eta

Andres Urrutia eta Miren Agur Meabe
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 29 octubre 2026 14:01

BILBO 29 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak 'Ziutate hartaz' izeneko jardunaldia antolatu du azaroaren 13rako Bilboko egoitzan, Bernardo Atxagak 1976an argitaratu zuen 'Ziutateaz' liburuaren 50. urteurrena dela eta. Goizeko mintegian parte hartuko dute Joseba Sarrionandiak, Irati Majuelok, Mari Jose Olaziregik eta Beñat Sarasolak, eta arratsaldean, berriz, irakurraldi musikatua izango da, Bernardo Atxaga, Gari eta Jose Kruz Gurrutxagaren eskutik.

Jardunaldiaren aurkezpenean azaldu dutenez, soldadutza amaitu berri idatzi zuen Atxagak 'Ziutateaz', eta 1976an argitaratu zuen Kriseiluk, bi liburukitan zatiturik. Liburu korala zen, "euskal irakurleen eta orduko kritiko apurren harridurarako", ipuinak, poemak eta antzerki pieza bat baitzeuden, besteak beste. Literatura abangoardistaren ildotik idatzia, euskara bizia eta aberatsa erabiliz, "liburu harrigarri bezain krudela" da Atxagaren estreinako hau.

Bada, liburuak 50 urte bete ditu aurten, eta Euskaltzaindiak argitalpena aztertzeko eta egileari gorazarre egiteko jardunaldi bikoitza egingo du azaroaren 13an, Akademiaren egoitzan, Bilbon. Goizez, lanaren ezaugarriak aztertuko dira, eta horretarako, Akademiaren egoitzara hurbilduko dira Joseba Sarrionandia, Irati Majuelo, Mari Jose Olaziregi eta Beñat Sarasola. Arratsaldez, irakurraldi musikatua izango da, Bernardo Atxaga, Gari eta Jose Kruz Gurrutxagaren eskutik.

"'Ziutateaz'-ek merezi du berrirakurketa bat, gaurko distantziatik, hainbat arrazoirengatik: lan hibridoa, generoen arteko bizikidetzaren adibide abangoardista gertatu zen; literatura unibertsal modernoaren eraginak islatu zituen; diktadurek berezkoa duten bihozgabetasuna eta esperpentoa kritikatu zuen. Horrenbestez, garai bateko memoria soziopolitiko kolektibo gisa har daiteke", nabarmendu du Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkariak.

Jardunaldi berean, Euskaltzaindiaren Literatura Batzordeak argitaratzen duen 'Galda' bildumako bigarren alea aurkeztuko da. "'Galda' sortaren helburua Euskaltzaindiaren literatur ekintzen testigantza idatzia uztea da, parte hartzaileen pentsamenduaren berri emanez eta jendartera zabalduz", azaldu du Meabek.

Honela, ale berezia izango da bigarrena, hizlarien artikulu sakonekin batera, osagarri esanguratsua izango duelako: Bernardo Atxagak berak idatzitako gogoeta bat, 'Geografia eta Historia' izenburua duena. Bertan, obraren sorrera eta nondik norakoak esplikatzeaz gain, idazle gaztea zelarik bere jardunean eragin zuten adierazpen kultural eta identitario nagusiak aipatzen ditu.

Contador

Contenido patrocinado