'Euskara Jendea' dokumentalak sarean daude ikusgai

'Euskara Jendea'
ZENBAT GARA
Publicado: domingo, 26 mayo 2024 11:44

BILBO, 26 May. (EUROPA PRESS) -

Oraintsu arte DVD formatuan soilik zegoen 'Euskara Jendea' dokumental sorta sarean ikusgai dago jada. Hain zuzen, seriea osatzen duten sei kapituluak Youtuben, Zenbat Gara elkartearen kanalean eta euskarajendea.eus webgunean daude, sustatzaileek jakinarazi dutenez.

'Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza' Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara kultura elkarteek 2013an ekoitzitako dokumental sorta da. 40-50 minutuko sei atalek osatzen duten dibulgaziozko lanaren bidez, publiko zabal bati aurkeztu nahi zaio euskararen eta bere herriaren historia. Berriki Primeran plataforman argitaratu zuen EITBk, eta orain Youtuben dago ikusgai, osorik.

Dokumental sortaren egitasmoaren abiapuntua Juan Carlos Etxegoien 'Xamar' irakasle, ikerlari eta dibulgatzaileak 2006an Pamielan argitaratutako izenburu bereko liburua da, eta ikus-entzunezko esparruan zegoen hutsunea betetzera dator.

Sei DVDko sorta moduan merkaturatu zen 'Euskara Jendea', eta orain sarean ikusgai daude sei kapituluak: 'Historiaren atarian', 'Erromako inperioan', 'Aniztasunaren bidean', 'Mugetan gaindi', 'Gerren arteko pizkundean' eta 'Mundua osatzen'. Dokumentalen osagarri, material didaktikoa dago euskarajendea.eus webgunean, ikasle eta irakasleek ikastegietan kapitulu bakoitza lantzeko aproposak diren PDFekin.

Elkarlanean aritutako lantaldea dago ikus-entzunezkoaren muinean: Hibai Castro (ekoizpen, errealizazio eta filmaketa lanak), Mikel Arredondo (ekoizpen eta didaktika lanak), Adur Larrea (postprodukzio eta grafismo lanak), Lutxo Egia (gidoia eta harremanak), Lon Gorka Fernandez (soinu ingeniaria), Maria Uriarte (lokuzioak) eta Xamar (edukiak eta gidoia zehazten).

Contador