Ibilaldia "familia eta lagunekin euskaratik eta euskaraz ospatzeko eguna" izango da maiatzaren 26an Getxon

2024Ko Ibilaldia Aurkeztu Dute
IBILALDIA
Actualizado: martes, 14 mayo 2024 12:05

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Ibilaldia Bizkaiko ikastolen aldeko jaiak Getxon ospatuko du 2024ko edizioa, San Nikolas ikastolak antolatuta, 'Txonbo' lelopean, eta "familia zein lagunekin euskaratik eta euskaraz ospatzeko eguna" izatea nahi dute antolatzaileek.

Josune Bañales Ibilaldia Elkarteko lehendakariak, Unai Arzubiaga San Nikolas ikastolako lehendakariak eta Gaizka Arrizabalaga San Nikolas ikastolako zuzendariak parte hartu dute astearte honetan jaia aurkezteko prentsa agerraldian. "Ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabaldu nahi dugu", nabarmendu dute Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egindako ekitaldian.

San Nikolas Ikastola kooperatiba elkartea 1.100 ikaslek baino gehiagok, 700 familia aktibok eta 140 langile inguruk osatzen dute eta Getxon kooperatiba gisa eratutako ikastola bakarra da gaur egun.

Euskalduntasuna, euskal kultura eta ikastola ardatz dituen jaia antolatu dutela adierazi dute, eta, helburuen artean, herriko gizarte eragileekin lankidetzan harremanak sendotzea, hezkuntza sisteman ekimen berriak sustatzea, administrazioarekiko elkarlana bideratzea eta hezkuntza komunitate osoak ikastolarekiko duen atxikimendua areagotzea daude.

Halaber, gaztetxo eta nerabeen jarrera parte hartzailea eta hezitzailea bultzatuko duen jaia antolatu nahi izan dute, bai eta ikastolen arteko elkarlana eta Euskal Herri osoarentzat Bizkaitik eratzen den jaia ere. Era berean, ikastolen finantzazio indibidual zein kolektiboa eta inbertsio ekimen berritzaileak diru baliabidez hornitzea ere bilatzen da.

Bestalde, azaldu dutenez, 2024ko Ibilaldia "Getxoko kaleak inbaditzeko prestatzen ari da", musika, dantza, kolore eta tradiziozko egitarauarekin, eta ekitaldia udalerriko lau gune enblematikotara zabalduko da.

GUNEAK

Lehen gunea San Nikolas ikastola bera izango da, "Ibilaldiaren bihotza eta muina". Gune horretan hasiko da eguna, eta hasiera ekitaldian, bertako ikaskomunitateaz aparte, inguruko agintariak eta beste ikastoletako ordezkariak izango dira gonbidatu gisa. Ikastola gunean egun osoan zehar tradizioak bat egingo du modernitatearekin, eta euskal musika eta dantza ikuskizunez gain, Haur Hezkuntzako Topaketez, herri bazkariaz eta askoz gehiagoz gozatzeko gunea izango da.

Bigarren gunea San Nikolas plazan eta inguruetan izango da, eta bisitariek kontzertuak, kalejirak, antzerki emanaldiak eta artisautza erakusketak izango dituzte. San Nikolas plazak "garrantzi berezia" du udalerriko ikaskomunitatearentzat, "gure elkartoki baita urte osoan zehar, bai familientzako bai gure ekitaldiak burutzeko ere". "Getxoko kulturan eta tradizioetan murgiltzeko topagune ezin hobea izango da", ziurtatu dute.

Algortako Portu Zaharrak Ibilaldiaren hirugarren gunea hartuko du, eta bertaratzen direnek mota ezberdinetako ekintza eta ikuskizunez gozatu ahal izango dute, hala nolas euskal musika taldeak zuzenean ikusteko aukera izango da.

Laugarren gunea Ereagako hondartza izango da, eta familia guztiontzako ekitzak eskainiko ditu. Horrela, txikienek egurrezko jolasez, zientzia tailerrrez, 'Goazen' eta pailazoen ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute. Zunba saioan parte hartzeko aukera ere izango da.

Contador