Izaskun Arrue Kulturgunea uztailaren 18an irekiko da Gasteizen

Ruiz de Bergara jauregian dago Izaskun Arrue Kulturgunea
IZASKUN ARRUE KULTURGUNEA
Actualizado: miércoles, 10 julio 2024 12:54

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

Izaskun Arrue Kulturguneak uztailaren 18an zabalduko ditu ateak Gasteizen. Egun horren bueltan egingo dira lehenengo jarduerak, eta abuztura bitarte, bisita gidatuak, haur eta gaztetxoei zuzendutako lantegia eta jaietako jarduera, deialdiak eta irekiera ekitaldia bera antolatu dituzte.

Lukas Etxebarria eta Amaia Kerexeta Lazarraga Kultur Elkarteko kideek eman dute horren guztiaren berri, asteazken honetan kulturgunean bertan egindako prentsa agerraldian.

"Izaskun Arrue Kulturgunean euskal kultura biziarazi nahi dugu, esperimentatu, balioetsi, landu, sortu eta erakutsi. Hasiera pausatua izango da, martxa hartu behar dugu lehenik, motorrak berotu eta errendimendu betean hasiko gara ondoren. Euskaraz jakin edo ez jakin, guztientzat irekita egongo da, euskal kultura guztiok partekatzea nahi dugulako. Beraz, gasteiztar guztiok gonbidatuta zaudete Izaskun Arrue Kulturgunera", adierazi du Etxebarriak.

Modu honetan, eta bi urteko atzerapenarekin bada ere, Izaskun Arrue Kulturgunea irekiko da aurki. Izan ere, Gasteizko Udalaren eta Lazarraga Kultur Elkartearen azken hilabeteetako gorabeherak behin gaindituta, ekainean zehar urte honetako hitzarmena sinatu dute bi aldeek eta elkartea 2023ko zuriketari egotzitako zorra ordaintzen hasi da. Modu honetan, Gasteiz Antzokia-Euskararen Etxearen proiektuak aurrera egin ahal izan du.

Bestalde, Lazarraga Kultur Elkarteak Ruiz de Bergara jauregiaren giltzak eskuratu dituen momentutik, lantaldea eraikinera lekualdatu da eta hasierako egunak espazio eta egoera berriari neurria hartzen aritu da. Fase berri honetan elkarteak etorkizuneko pausuak ondo zehazteari ekin dio, "gogotsu eta indarberrituta".

Ibilbide berri honetan, lehenengo geldialdia irekieran egingo du elkarteak, Lazarraga Kultur Elkarteak Izaskun Arrue Kulturgunea lehenbailehen irekitzeko data zehaztu ahal izan baitu azkenean, eta uztailaren 18an egingo du irekiera ekitaldia. Hortik aurrera, gutxika, programazio anitza erakusten hasiko da.

JARDUERAK

Ildo horretan, uda aurretik hainbat jarduera antolatu dira. Lehen jarduera 'ertZak ZintZilik' lantegia izango da, Nondik arkitektura estudioarekin batera, familiei eta haur eta gaztetxoei zuzenduta. Espazioa ertz ezberdinetatik nola sor daitekeen irudikatuko dute, eraikinak dituen elementuekin jolastuz. Uztailaren 16an egingo da lantegia, 17:30ean.

Izaskun Arrue Kulturgunearen irekiera ekitaldi ofiziala uztailaren 18an izango da, 18:15etik aurrera. Kulturgunean aurkezpena eta bazkide eta lagunei zuzendutako ekitaldi soziala izango da. Era berean, uztailaren 19an eta 22an bina bisita gidatu antolatu dira, euskaraz 10:00etan eta gaztelaniaz 11:00etan.

Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietan familia jarduera egingo da, abuztuaren 6an, 11:00etatik aurrera. Prospero Teatro taldeak girotua, egunerokotasunean botatzen ditugun gauza eta objektu birziklatuekin sortutako jolasekin jardun ahal izango dute haur eta gaztetxoek.

Halaber, hiru deialdi jarriko dira martxan uztailaren 22tik aurrera: 'Taulara', formatu txikiko antzerki lan eta bakarrizketentzako deialdi irekia; 'Muina', kultura jardueraren bat gauzatu nahi duen herritar ororentzat zuzendutako proposamen poltsa; 'Egin Leku', musikari hasiberrientzako plaza.

Uda ostean, berriz, hiruhilabeteko maiztasuna izango du programazioak eta urtaroka egingo da aurkezpena. Iraileko bigarren astetik aurrera, beraz, udazkeneko programazioa abiatuko da eta diziplina ezberdineko jarduerak ikusteko eta gozatzeko aukera egongo da, euskara elementu eroale bihurtuta. Horrela, musika eta arte biziak, familia jarduerak, zinema eta ikus-entzunezkoak, deialdiak eta hezkuntzari eta ezagutzari lotutako orotariko ekimenak egingo dira.

Izan ere, aurkezpenean azaldu dutenez, Izaskun Arrue Kulturgunea Oihaneder Euskararen Etxearen lekukoa hartzeko jaioko da, eta kultura ekipamendu bat izatetik haratago, Oihanederren errotzen hasitako Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokia uztartuko dira egitasmo bakarrean.

Ildo horretatik, kultura proiektu integrala izateko asmoz sortuko da, euskaratik eta euskaraz, eta kulturaren kate osoa lantzea izango du helburu: sormena, ekoizpena, taularatzea edo erakustea, komunikazioa eta audientziak. Gainera, hiriko dinamika suspertu nahi du, Gasteizek euskararen erabilera normalizatzeko espazio berria izan dezan.

MARKA

Horren haritik, egitasmoaren nortasuna adieraziko duen kontzeptu marka bat emateko asmoz, IAK - Izaskun Arrue Kulturgunea marka sortu da. Azaldu duetnez, ugariak izan dira urteetako ibilbidean egitasmoak jaso dituen izen-abizenak, hala nola Gasteizko Kafe Antzokia, Gasteiz Antzokia, Euskararen Etxea edo bien arteko batuketak, "baina ez dute behar bezala adierazten martxan jarriko den egitasmoaren izatea, ez baita antzoki soila izango, ezta euskararen etxea bakarrik ere".

Aldi berean, markaren balioak irudikatuko dituzten irudiak, logotipoa, koloreak, estiloa eta osagarriak osatu dira egitasmoa behar bezala identifikatzeko. Logoa osatzeko, esaterako, siglak erabili dira, eta Ruiz de Bergara jauregi birgaituak dituen ertz, ezkina eta elementu geometrikoak hartu dira oinarrian, besteak beste, harrizko arkuak, angeluak eta ertzak, egurrezko zutabeak.

Koloreei dagokienean, berriz, eraikinean kokatu diren elementuei egin zaie keinu, horixka, grisa eta zuri-beltza oinarri hartuta. Kolore eta forma hauekin jolastuta poltsak eta botilak jarriko dira salgai (oraingoz kulturgunean bakarrik egongo dira salgai).

Egitasmoaren eta markaren gizarteratze egokia bideratzeko iak.eus webgunea osatu da eta sare sozialak jarriko dira martxan, asteazken honetatik aurrera gutxinaka aktibatuko eta dinamizatuko direnak.