Jokoteknia jardunaldiak komunitatea elkartu eta euskara eta bideojokoak uztartuko ditu azaroaren 7an Bilbon

Jokoteknia jardunaldiak euskara eta bideojokoak uztartuko ditu azaroaren 7an Bilbon
AZKUE FUNDAZIOA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 29 octubre 2026 13:30

BILBO 29 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiko erakunde Azkue Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babespean lan egiten duen Game Erauntsia elkarteak Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren bederatzigarren edizioa antolatuko dute azaroaren 7an Bilboko La Perrera espazioan, komunitatea elkartzeko eta euskara eta bideojomoak uztartzeko asmoz.

Antolatzaileek ostegun honetan egindako aurkezpenean azaldu dutenez, Bilbon, 09:45etik 20:00etara, lau hitzaldi eta mahai ingurua izango dira euskal bideojokogintzaren esparru anitzak aztertzeko asmoz. Itzulpengintza eta euskara izango dira ardatz beste behin, "Jokotekniarentzat horren garrantzitsuak izanik", eta bideojokoen musika eta soinu bandak sortzeko prozesuan ere murgilduko da.

Gainera, marrazkilaritza eta arte kontzeptualak landuko dira, eta, amaitzeko, bideojokoen munduko langileen borrokan barneratuko da Jokoteknia, "azken urteotako egoera gogorrari helduta".

Aurtengo berritasun handiena Euskal bideojokoen 1. Azoka izango da. Euskal Herriko bideojoko estudioak eta sortzaileak elkartuko dira, lehenengoz, beren lanak ezagutzera emateko balioko duen erakustaretoa osatzeko. Hamasei erakusmahai egongo dira, Euskal Herrian edo euskaraz garatutako tituluak probatzeko aukera eskainita.

Aldi berean, bideojokoen munduaren orbitan aurkitzen diren esparruetako eta zaletasunetako euskal sortzaileek ere parte hartuko dute azokan; esaterako, Euskal Manganime Komunitateko kideak euskarazko mangak eta animeak aurkezten egongo dira, eta Rolariak Elkartea euskarazko rol partidak antolatuko ditu.

Bukatzeko, azokaren baitan, Gamer Gela ekimena prestatuko du Game Erauntsia elkarteak. Euskarazko bideojokoen erakusleihoak azokara hurreratu ezinik geratu diren obrak aditzera emateko balioko du, garatzaileek ofizialki eskainitako tituluak nahiz zaleek edo Game Erauntsiak lokalizatutako bideojokoak probatzeko aukera bideratuta.

Azaroaren 7an Bilboko La Perrera espaziora hurbildu ezinik geratzen direnentzat, gainera, jardunaldia zuzeneko 'streaming' bidez jarraitzeko aukera eskainiko da EITBren webgunetik zein YouTube plataformatik.

Contador

Contenido patrocinado