Kolonbiako ordezkaritza bat Jaurlaritzarekin bildu da gizarte ekonomiaren euskal eredua ezagutzeko

Kolonbiako ordezkaritza bat Jaurlarirtzarekin bildu da gizarte ekonomiaren euskal eredua ezagutzeko
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 8 abril 2026 13:24

GASTEIZ 8 (EUROPA PRESS)

Kolonbiako ordezkaritza bat Elena Perez Barredo Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearekin bildu da asteazken honetan Lakuan, gizarte ekonomiaren euskal eredua, kooperatibismoaren garapena eta ongizatearen ekonomiara bideratutako politika publikoak ezagutzeko.

Kolonbiako hainbat erakunde apirilaren 7tik 10era Euskadin egiten ari diren nazioarteko misioaren baitan izan da bisita, enpresa erakundeak indartzeari, kalitatezko enplegua sortzeari, antolaketa berrikuntzari eta lurralde sustraitzeari lotutako esperientziak eta jardunbide egokiak ezagutzeko helburuarekin, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.

Latinoamerikako herrialde horretan ekintzailetza, ekonomia solidarioa eta enpresa garapena bultzatzen erreferentea den Coomeva Fundazioaren ordezkariak dira ordezkaritzaren buru, eta herrialdeko hainbat eskualdetako enpresaburuek, zuzendariek eta erakundeetako arduradunek osatzen dute, hala nola ingeniaritza, osasun, hezkuntza, finantza zerbitzu, teknologia, kultura eta ekonomia solidarioaren sektoreetakoak.

Bileran, gizarte ekonomiaren arloko euskal politika publikoen ildo estrategikoak partekatu ditu Perez Barredok Kolonbiako ordezkariekin, baita kooperatibismoari, ekintzailetza kolektiboari eta lan sozietateei laguntzeko tresnak ere, eredu horrek enpleguaren, trantsizio ekonomikoaren eta jasangarritasun sozialaren egungo erronkei aurre egiteko duen balioa azpimarratuz.

Halaber, elkarrizketarako gune bat ireki da esperientziak trukatzeko, ereduak alderatzeko eta Euskadik eta Kolonbiak gizarte ekonomiaren arloan etorkizunean izan ditzaketen lankidetza bideak aztertzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan egin da bilera, ordezkaritzak berak eskatuta, gizarte ekonomiaren euskal ekosistema nazioarteko erreferentzia gisa ezagutu nahi baitu, eta agenda zabalago baten baitan kokatu da, Euskadiko hainbat eragile instituzional eta ekonomikorekin bilerak egitea barne, berrikuntzaren, erantzukizun sozialaren eta tokiko garapenarekiko konpromisoaren ikuspegitik enpresa erakundeak indartzeko aukera ematen duten mekanismoetan sakontzeko.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado