LABek salatu du Osakidetza informatika zerbitzuak "pribatizatu nahian" ari dela

Archivo - Teklatu bat
Eduardo Parra - Europa Press - Archivo
Actualizado: miércoles, 20 julio 2022 10:56

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

LAB sindikatuak salatu du Osakidetza bere informatika zerbitzuak "pribatizatu nahian" dabilela. Jakinarazi duenez, kontratu errekurtsoen organoan aurkeztu duen errekurtso batek geldiarazi egin du, kautelaz, Osakidetzak azpikontratatu nahi zuen informatikako bulego teknikoaren proiektua.

Sindikatuak nabarmendu du azpikontratazioak urtero 2.000.000 euroko kostua izango lukeela, plegu teknikoetan ageri den informazioaren arabera, "nahiz eta Osakidetzak baduen lan horiek egiteko gai den pertsonala informatika zerbitzuan".

"Diru publikoaren xahuketa larria izateaz gain, Osakidetzako hainbat zerbitzu pribatizatu eta azpikontratatzeko bidean beste urrats bat baino ez da honakoa. Sagardui sailburuak adierazitako kultura aldaketa delakoaren barnean beste pauso bat", salatu du.

LABen arabera, informatika zerbitzua Osakidetzaren "desegite politiken biktima izan da aspalditik", eta horren ondorioz, "zerbitzu publikoaren egitura hustutzeaz gain, lan informatiko hauek egiten dituzten langileek lan baldintza erabat prekarioak dituzte gaur egun".

Halaber, kritikatu du Osakidetzaren azpikontratazioen onuradunak diren enpresa pribatuak, "sarritan, kasualitatez, EAJko kideak buru dituzten enpresak" izaten direla, eta egoera hori "are eta nabarmenagoa" izaten dela informatika alorreko enpresei dagokionez.

"Hainbat informatika enpresa sortu, elkartu, desegin, bersortu egiten dira Osakidetzaren informatika zerbitzu pribatizatuen inguruan, baina, aldaketak aldaketa, enpresa hauetako buru gisa, eta, hortaz, pribatizazioen onuradun gisa agertzen diren pertsonak sarri askotan berdinak izaten dira", ziurtatu du.

Hori guztia dela eta, Osakidetzako zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die "osasun publikoa eraisteari uzteko", eta mahai gainean dauden erronkei konponbidea aurkitzeko "plantilla nahikoa izatea" eta langileen parte hartzea bermatu behar direla nabarmendu du. Gainera, "kalitatezko osasungintza publikoaren defentsan pribatizazioaren bidea indar guztiz borrokatu eta geldiarazten" saiatuko dela adierazi du.