Lankidetza deszentralizatuaren orainaz eta etorkizunaz hausnartuko dute urriaren 22an Donostian

Lankidetza deszentralizatuaren orainaz eta etorkizunaz hausnartuko dute urriaren 22an Donostian
ELANKIDETZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 15 octubre 2026 11:24

DONOSTIA 15 (EUROPA PRESS)

eLankidetza Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziak eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak Lankidetza Deszentralizatuaren Topaketa antolatu dute urriaren 22rako Donostiako Miramar Jauregian, 'Elkarrekin eraginez, mundua eraldatuz' lelopean, lankidetza deszentralizatuaren orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko asmoz. Izen-ematea zabalik dago.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, topaketaren helburua da lankidetza deszentralizatuaren balioa azpimarratzea eta administrazio publikoen, gizarte antolatuaren eta nazioarteko eragileen arteko elkarlana indartzea. Jardunaldiak aukera emango du egungo testuinguru globalari buruzko gogoeta partekatua egiteko, bai eta etorkizuneko erronkei erantzuteko proposamenak eta esperientziak elkarbanatzeko ere, ekintza humanitarioaren nahiz garapen humano jasangarriaren aldeko konpromisoa berrituz.

Topaketan zehar, lankidetza deszentralizatuaren egungo egoera eta etorkizuneko aukerak izango dira hizpide, eta, besteak beste, lankidetza deszentralizatuaren zeregina nazioarteko testuinguru berria, sektoreak aurrean dituen erronka politiko, sozial eta ekonomiko nagusiak, espazio zibikoaren egoera eta ekintza humanitarioaren erronkak, nazioarteko agenda eta arkitektura multilaterala, eta lurralde eta erakunde ezberdinek bultzatutako esperientzia eta praktika eraldatzaileak landuko dira.

Horretarako, tokiko eta nazioarteko adituak, erakunde publikoetako ordezkariak eta garapenerako lankidetzan diharduten eragileak bilduko dira jardunaldi osoan zehar, besteak beste, Javier Cortes eLankidetzako zuzendaria eta Nerea Uriarte Euskadiko GGKEen Koordinakundeko lehendakaria.

Era berean, topaketan izango dira Pedro Carceller (Valentziako Generalitatea), Nerea Basterra (Oxfam Intermon), Natxo Rodriguez (Bizkaiko Foru Aldundia), Tamara de Gracia Romero (Mugarik Gabe), Cristina Churruca (Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua, Deustuko Unibertsitatea), Karlos Perez de Armiño (Hegoa Institutua, EHU), Aran Acha (UN Etxea), Aitor Perez (ECOPER), Issoufou Soumana (DIKO GKEa), Maiteder Sasieta (Garabide), Ana Cristina Blasco-Serrano (Zaragozako Unibertsitatea) eta Juanma Balerdi (Euskal Fondoa).

Jardunaldiaren amaieran, GGKEen Koordinakundeen Estatuko Topaketa hasiko da, lankidetzaren aldeko adierazpen bateratu batekin. Inaugurazio hitzaldia Jon Sarasuak eskainiko du.

Topaketan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena. Horretarako, mezu bat bidali behar da teknikaria@ongdeuskadi.org helbide elektronikora.

Contador

Contenido patrocinado