Lantegi Batuak enplegu zentro bereziko 39 urteko langile bat hil da, ondoeza egin eta laneko aulkitik erori ondoren

Europa Press País Vasco
Publicado: viernes, 11 junio 2021 16:23

BILBO 11 Jun. (EUROPA PRESS) -

Lantegi Batuak enplegu zentro bereziko 39 urteko langile bat hil zen joan den asteazkenean, ekainaren 9an, ondoeza egin eta bere laneko aulkitik erori ondoren. Momentuan zendu zen, LAB sidikatuak ostiral honetan jakinarazi duenez.

Sindikatuak salatu du azken heriotza honekin hiru langile hil direla aste honetan Euskal Herrian lan istripuen ondorioz, eta urte hasieratik, gutxienez 27.

LABek elkartasun eta babesa helarazi die hildako langilearen senide eta lankideei, eta nabarmendu du "kezkagarria" dela istripu hilgarri ez traumatikoen igoera. Sindikatuaren iritziz, "lan eta bizi baldintza txarrak" daude lan istripu guztien atzean. "Istripu ez traumatikoak bihurtu dira laneko heriotzen lehen arrazoia. 2020an, istripu hilgarrien %25 ez traumatikoak izan ziren", gogoratu du.

Era berean, ziurtatu du lan istripuak, traumatikoak zein ez traumatikoak izan, ez direla "zoritxarraren edo kasualitatearen ondorio, lan harremanen, behin behinekotasunaren, laneko araudiaren, azpikontratazioaren eta egungo lan merkatuaren ondorio baizik".

"LABen argi dugu duintasunez bizi eta lan egin behar dugula, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugula; antolakuntza eta borroka direla indibiduala, familiarra eta jendarte osoarena den gaitz honekin amaitzeko modu bakarra eta lan harreman eta joko arauen aldaketa behar dugula. Beste guztiaren gainetik langileen bizitza eta osasunari lehentasuna emango dien eredu berri bat behar dugu", adierazi du.

Contenido patrocinado