Leioako Umore Azokak kaleko arteen sektoreko 250 profesional bilduko ditu

Archivo - Sarearen batzar nagusia.
UMORE AZOKA - Archivo
Actualizado: lunes, 13 mayo 2024 12:45

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Leioako Udalak antolatutako Umore Azokaren 24. edizioa ostegunean hasiko da, maiatzaren 16an, eta, 41 taldek eskainiko dituzten 81 ikuskizunekin batera, kaleko arteen sektoreko 250 profesionalentzako topagunea ere izango da, elkarrizketak eta bilerak egiteko, lanerako ideiak partekatzeko eta hausnartzeko guneak sortzeko, besteak beste.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Kultur Leioako erakusketa aretoa Artekale gunea izango da azokaren egunetan, lan egiteko, lankideekin hitz egiteko edo azokako profesionalak aurkitzeko. Artekale irekita egongo da ostegunean (16:00-17:30) eta ostiralean eta larunbatean (11:00-14:00 eta 16:00-17:30).

Egitarauari dagokionez, ostegunean, 09:00etatik 11:00etara, Sarea Euskadiko Antzokien Sarearen biltzar nagusia egingo da Kultur Leioako auditoriumean. 11:30etik 13:30era arte, aldiz, Sareako programatzaileen eta Artekale Euskadiko Kaleko Arteen Elkarteko bazkide diren konpainien eta banatzaileen arteko bederatzigarren Plazaratu topaketa; konpainiak lantzen ari diren prozesu astistikoak ezagutaraztea da helburua, eta profesionalei zuzenduta dago.

Arratsaldean, ikuskizunak hasi aurretik, elkarrizketa irekia egingo da kaleko arteen eragileen artean 16:00etatik 17:00etara, 'Kaleko ikuskizunak euskaraz' izenburupean.

Ostiralean, profesionalei zuzendutako programazioa 10:00etan hasiko da, Kultur Leioako aretoetan egingo diren 'UmoreMeetings' bilerekin: konpainien eta programatzaileen arteko topaketa azkarrak izango dira. Ondoren, 12:00etatik 14:00etara, Artekale gunean, jardunaldiaren aurkezpena egingo du Etxepare Euskal Institutuak; Italiako kaleko arteen ekosistemari buruzko hitzaldiak, Umore Azokan dauden nazioarteko jaialdien aurkezpen txikiak eta azokako estatuko programazioen aurkezpenak izango dira.

Arratsaldean, harrera ofiziala, Umore Azoka 2023 sarien banaketa eta Umore Azoka 2024ko sari berezia izendatuko dira 14:30etik, Mendibile jauregian. 16:30etik 17:30era, sektoreko profesionalen arteko hitzaldi informal bat izango da Artekale gunean.

LARUNBATA

Azkenik, larunbatean, 10:00etatik 11:30era, konpainien eta programatzaileen arteko topaketa azkarrak egingo dira berriro Kultur Leioako aretoetan. Jardueraren aurretiko izen-ematea umoremeetings@artekale.org helbide elektronikoan egin behar da.

Gainera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 17:30era, Artekale gunea zabalik egongo da sektoreko profesionalentzat, eta 12:00etan Circo en Red estatuko zirkuko profesionalei zuzendutako topaketa aurkeztuko da.

Halaber, 12:15ean, Nus Cooperativak arte eszenikoetan genero ikuspegia txertatzeko gida bat aurkeztuko du, eta 12:30ean Euskadiko kaleko 16 arte jaialdi biltzen dituen Open Kale marka. 13:00etatik 14:00etara bitartean, bermutaren ordua izango da, profesionalek iritziak eta gogoetak partekatzeko, eta eguna amaitzeko, 'A Peu de Carrer' dokumentala proiektatuko da Kultur Auditoriumean, 16:30etik 17:30era.

Contador