Matigoxotegi eta Cesar Benito futbol zelaiak berritzeko hitzarmena sinatu dute Donostiako Udalak eta Realak

Donostiako Udaleko eta Realeko arduradunak Matigoxotegi futbol zelaian.
DONOSTIAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: miércoles, 3 marzo 2021 14:01

DONOSTIA 3 Mar. (EUROPA PRESS) -

Matigoxotegi eta Cesar Benito futbol zelaiak berrituko dira hurrengo hilabeteetan, Realak eta Donostiako Udalak lortutako akordioari esker. Klubak finantzatuko du bi futbol zelaietako inbertsioaren %50, eta gehienez 400.000 euroko inbertsioa egingo du.

Donostiako alkate Eneko Goiak eta Realeko presidente Jokin Aperribayk azaldu dute bi futbol zelai horiek berritzea ezinbestekoa dela hiriarentzat zein harrobiko futbola eta emakumeen futbola garatzen jarraitzeko.

Hain zuzen Matigoxotegi zelaia berritzeko lanak handiagoak izango dira. Horrela, belar artifiziala aldatuko da, egoera kaxkarrean dagoelako. Behin belarra kenduta, zelaia ureztatzeko sistema guztiz aldatuko da, hau da, hodiak, kainoiak, bonbak eta programadorea aldatuko dira, eta ur biltegi bat egingo da. Halaber, azaleraren erregulartasuna egiaztatuko da.

Donostiako Udalaren kontratazio mahaiak lan horiek egiteko jasotako eskaintzak ireki zituen lehengo astean. Bada, Obras y Pavimentos Especiales enpresa geratu da lehen tokian esleipen prozesuan, eta beraz, kontratuaren esleipenduna izango da. Kontratuak 276.592 euroko kostua izango du. Lanak egiteko epea bi hilabete izango da, behin kontratua sinatuta.

Bestalde, Intxaurdi Kirol Elkarteak kudeatzen duen Cesar Benito futbol zelaia ere berrituko da. Alde batetik, zoladura hobetuko da, bereziki zelaiaren ipar-ekialdean dagoen desinbela konpontzeko, eta bestetik, belar artifiziala aldatuko da.

Bi kasuetan, hainbat laborategi azterketa egingo dira kirol errendimenduaren mailak bermatzeko, baita kirol jarduera maila kontuan hartuta jokalaria eta azaleraren arteko interakzioa ikusteko ere.

Contenido patrocinado