Musika arloko 108 artista eta taldek lortu ahalko dituzte 2020ko Musika Bulegoa Sariak

Musika Bulegoa Sariak 2020.
EUSKAL HERRIKO MUSIKA BULEGO ELKARTEA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 11 febrero 2020 16:12

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak (EHMBE) martxoaren 10ean banatuko ditu Musika Bulegoa IV. Sariak, Gasteizko Europa biltzar jauregian, eta epaimahaiak "lan gogorra" izango du, 108 proposamen aztertu beharko dituelako. Guztira, musika arloko hamar artistaren edo talderen lana sarituko da, EHMBEk jakinarazi duenez.

Musika Bulegoa Sariak Euskal Herriko Musika Bulego Elkartetik sortutako egitasmoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Euskadiko Soinuak programaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Gasteizko Udalaren laguntza du.

Aurtengo edizioan oso musika eremu zabaleko proposamenak jaso dira: pop-rock (proposamen guztien %25 inguru), musika klasiko garaikidea (%22), folk (%18), rock (%15) eta jazz (%5). Hizkuntzari dagokionez, euskaraz eta gaztelaniaz abesten duten taldeak edo bakarlariak dira nagusi, baina badaude ingelesez edo frantsesez abesten duten proposamenak ere.

2020ko Musika Bulegoa Sariek musika arloko hamar artista edo talderen lana aintzatetsiko dute. Adituz osatutako epaimahaiak edizio honetako 108 proposamenak baloratu eta zortzi saritu aukeratuko dituzte. Sari horiek, 2018ko irailaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitartean beren lanak aurkeztu dituzten Euskal Herriko zortzi sortzaile, interprete edo konposatzaileri emango zaizkie, bakarlari edo talde izan.

Gainera, aurreko edizioetan bezala, Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen zuzendaritza taldeak sari berezi bat emango dio prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean edota ekoizpenean egitasmo azpimarragarria gauzatu duen eta Euskal Herriko musika jarduerarekin erlazionatuta dagoen pertsona edo erakundeari.

Hamargarren eta azken saria, hirugarrenez banatuko den Etxepare Musika Euskal Institutuaren Saria izango da: Euskal Herriko sortzaile, interprete -bakarlari edo talde- edo konpositore batek azken hiru urteetan euskal musika nazioartean zabaltzeko eta ezagutarazteko egin duen lana aintzatetsi nahi du. Hamar artista edo talde sarituek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jasoko dituzte.

Contenido patrocinado