Musika klasikoa eta tradizionala eta euskal soinu berriak uztartzen dituzten lau kontzertu izango dira Bilbon

Ornitorrinkus taldearen irudi bat
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 19 octubre 2010 14:47

BILBO 19 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, ondarea hedatzeko eta ezagutarazteko "Bilbao Izan" programaren bitartez, musika klasikoa eta tradizionala eta Euskal Herriko soinu berriak uztartuko dituzten lau kontzertu antolatu ditu ostiralerako eta larunbaterako. Kontzertuen eszenatokiak San Nikolas eliza eta Zazpi Kaleetan dagoen Arte Sakratuko Elizbarrutiko Museoko klaustroa izango dira. Kontzertu guztietarako sarrera doakoa izango da, aretoko leku guztiak bete arte, antolakuntzak adierazi duenez.

"Artea eta Musika" ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera antolatzen diren eta urriko hilabete osoan herritarren artean kultur ondarea hedatzeko eta ezagutarazteko ospatzen diren Ondarearen Jardunaldi Europarren barruan sartzen da. "Artea eta Musika" ekimenak artea eta musika bateratu nahi ditu, Bilboko bi gune sakratutan, hau da, San Nikolas elizan eta Arte Sakratuko Elizbarrutiko Museoan, ikus-entzuleei, giro atipikoan eta esperimentalean, musika proposamen anitzak eskaintzeko.

San Nikolas elizak, Apres un Rêve arpa eta biola errezitaldia jasoko du ostiralean, arratsaldeko 19:30etan, Ursula Segarrarekin eta Isabel Lopezekin. Biek ere hainbat sari jaso dituzte bakarka hasieran, eta elkarrekin lanean hasi zirenetik ere, eta bakarlari gisa zein ganbera-musikaren alorrean izan dituzten musika esperientziak uztartu dituzte. Beren errepertorioan Barrokoko piezak eta Vivaldiren lanak sartzen dira, Ravel bezalako konpositore inpresionistetatik igaroz eta azken hamarkadan konposatutako abangoardiako lanetara helduz.

Larunbatean, arratsaldeko 19:30etan, Urrundik hirukotearen txanda izango da. Hirukotea Olatz Saituak (sopranoa), Ainhoa Zubillagak (mezzosopranoa) eta Eugenio Tobalinak (gitarra) osatzen dute. Urrundik euskal konpositoreen abestien antologia da, ahots baterako eta bi ahotsetarako, gitarrak lagunduta. Ahaztuta dagoen eta gaur egun kontzertu aretoetan ia eskaini ere egiten ez den musika ondarea berreskuratzen du.

Errepertorioan, hainbat egileren abestiak daude: Iparragirrerenak, Aita Donostiarenak, Pablo Sorozabalenak, Andres Isasirenak, Anton Larraurirenak eta Pedro Sanjuanenak. Urrundik hirukotea musika intimistan, adierazkorrean eta ebokatzailean bat egiten duen soinudun bidaia bitxia proposatzen du.

ELIZABARRUTIKO MUSEOA

Bestalde, Arte Sakratuko Elizbarrutiko Museoari dagokionez, euskal soinu berriekin lotutako proposamenak jasoko ditu. Eszenatoki horrek 1499. urtera eramango ditu entzuleak. Urte horretan, gazte bilbotar batek, Maria Ortiz de Madariagak, kongregazio erlijioso bat sortu zuen Somera kaleko etxe batean.

1513an, kongregazioak eraikin berria egitea erabaki zuen, Gizakundearen komentua, Enkarnazioa, elizak, eta bi hegal baino ez zituen klaustro bereziaren inguruan antolatutako dependentziek, osatua. Eraikin horrek jasotzen du gaur egun Arte Sakratuko Elizbarrutiko Museoa. Museoaren bilduman, erromanikotik arte garaikidera doazen piezak jasotzen ditu.

Espazio horretarako programatutako bi kontzertuak ostiralean eta larunbatean burutuko dira, gaueko 21:00etatik aurrera. Lehenengoak Ornitorrinkus taldekoak izango dira. Talde hori Maialen Lujanbiok (bertsolaria), Judith Monterok (saxofoia) eta Xabier Erkiziak (musika elektronikoa) osatzen dute.

Ornitorrinkus bertsolaritza eta musika esperimentala bat egitetik sortutako proiektua da, eta adierazpen era berri propioaren bilaketan garatzen da. Ornitorrinkus proiektuaren bizkarrezurra ornitorrinkoaren ideia metaforikoa da; itxuraz bateraezinak diren ezaugarriak gorputz bakarrean biltzen dituen animalia.

Larunbatean, ordu berean, 20 Hatz Proiekt-en txanda izango da: Iñaki Plaza eta Ion Garmendia. Sei urtez Kepa Junkeraren taldean aritu ondoren, Iñaki Plaza (trikitixa, txalapartak, tubiogh eta perkusioak) eta Ion Garmendia (txistua, alboka, txalapartak, tubiogh eta perkusioak) musikariek proiektu pertsonalagoa eta intuitiboagoa bilatu dute. Helburuetako bat trikitixarako eta txalapartarako egitura eta soinu berriak bilatzea da.

Contenido patrocinado