DONOSTIA 18 Dic. (EUROPA PRESS) -
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udaletako ordezkariek Pasaiako Badiaren biziberritzeaz bilera egin dute ostegun honetan, abenduaren 18an, eta badia biziberritzeko "pauso zehatzak" emateko konpromisoa berretsi dute.
"Pasaiako Badiaren biziberritzea luzeegi jotzen ari da, eta bada garaia, nork bere arduratik, erabakiak hartzeko. Foru Aldundiak eta badiako bost udalek konpromiso sendoa dugu benetako biziberritzearekin eta ildo horretatik, proiektu zehatzak garatu eta aurkeztuko ditugu", adierazi du, bilera ondoren, Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
Bileran, Errazkinez gain, Julen Mendoza Errenteriako alkateak, Ainhoa Zabalo Lezokoak, Amaia Agirregabiria Pasaiakoak, Oihan Tello Oiartzungo alkateordeak eta Peio Gascon Lurralde Antolaketako zuzendariak parte hartu dute. Donostiako udal ordezkaritza bat ere Foru Jauregian izan da.
Errazkinek adierazi du Pasaiako Badiaren biziberritzearen abiapuntua La Herrera dela, eta bertako herritarren "aspaldiko eskaera" dela, gainera. "Abandonatutako eremua da, aspaldi erabilerarik ez duena, eta hor kokatu behar dugu biziberritzearen ardatza. La Herrerarekiko Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustua garbia da. Dena dela, horrek ezin ditu baldintzatu beste eremu batzuetan egin beharreko esku hartzeak. Horregatik, Foru Aldundiak eta udalek aurrera egingo dugu badiaren ezinbesteko biziberritzearen bidean", azaldu du.
Foru diputatuak nabarmendu du badiaren benetako biziberritzeak bertako udalerrien eta herritarren eta Gipuzkoaren beharrei erantzun behar diela eta barne portuak ere tokia izan behar duela, baina bi baldintza horiek betez. "Interes espekulatiboetan oinarritutako aurreko proiektuak porrot egin du -gaineratu du-. Beraz, argi dago benetako biziberritzeak iraunkorra izan behar duela, ekonomia eta ingurumen aldetik, eta irizpide arrazional eta sozialei erantzun behar diela. Foru Aldundia eta badiako bost udalak prest gaude norabide horretan urratsak emateko lehenbailehen".
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek harremanetan jarraituko dute datozen asteetan biziberritze proiektuak zehazteko.