Primeran plataformak Odei Jainagaren 'Piztien artean' saioa eta Zinebiren bilduma berezia estreinatuko ditu

Odei Jainaga 'Piztien artean' saioan
PRIMERAN
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 7 noviembre 2024 12:23

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Primeran plataformak Odei Jainaga atletaren 'Piztien artean' saio esklusiboa estreinatuko du 'Originalak' katalogoan, bai eta Zinebi Bilboko Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren bilduma berezi bat ere, EITBko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Horrela, 'Piztien artean' saioa ostiralean estreinatuko da, azaroaren 8an. Bertan, Odei Jainaga xabalina jaurtitzaileak munduan zehar bidaia egingo du, planetako piztiarik harrigarrienekin aurrez aurre topo egiteko.

Abentura horretan bere trebetasunak erakutsi beharko ditu kirolariak, eta bere bizitza ere arriskuan jarriko duten hamaika egoerari aurre egin beharko die. Amazonia, Tanzania, Thailandia edota Uganda bezalako herrialdeak bisitatuko ditu Jakinagak, animaliaz inguratuta, sei atal ikusgarritan Lehen bi atalak ostiralean bertan izango dira ikusgai.

Eduki esklusiboaz gain, zinema eskaintza berria ere dakar Primeran euskal eta euskarazko edukien 'streaming' plataformarik handienak. Ostiralean hasiko da Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 66. edizioa, eta, inaugurazioarekin bat eginda, bertan proiektatutako bederatzi film labur eta lau dokumental eskainiko ditu plataformak, jaialdiarekin elkarlanean.

Film laburren artean ikusgai izango dira 'Hemen bizi da maitasuna', 'Hondarrak', 'Arnasa', 'Cuerdas', 'Infernuan', 'Sutan', 'Sorbeltza', 'Lanbroa' eta 'Contadores'; dokumentalen artean, berriz, 'Pizti bat agian', 'Aire!', 'Arnasa betean, emakume zinegileak' eta 'Esther Ferrer: hilos de tiempo' eskainiko dira.

Azken hilabeteotan euskal zinema onenaren arrakasta handiak estreinatu ditu Primeran plataformak, euskaraz, eta, oraingoan ere euskal zinema ekosistemaren aldeko apustuari eutsi dio, "euskal ikus-entzunezkoen industria eta hazten ari diren egileak babesteko helburua duen Zinebi jaialdiarekin elkarlanean".

Gainera, Primeran plataformak beste estreinaldi bat dakar datorren astelehenean, azaroaren 11n: 'Iban & Maite Beauty' saioaren bigarren denboraldia. Lehen sei atalen arrakastaren ondoren, berriz ere ileapaindegiko ateak irekiko dituzte Iban Garciak eta bere ama Maite Azpiazuk.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado