Wallet eta euro digitalaren aukerak eta erronkak aztertu dituzte urteko azken Etekin Ekonomia Topaketan

Wallet eta euro digitalaren aukerak eta erronkak aztertu dituzte urteko azken Etekin Ekonomia Topaketan
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 14 octubre 2026 14:16

BILBO 14 (EUROPA PRESS)

Etekin Ekonomia Topaketen urteko azken solasaldia izan da asteazken honetan Bilboko BAT Dorrean, Xabier Arrieta eta Oscar Guadilla EJIE Eusko Jaurlaritzako Informatika Elkarteko kideen eta Alaitz Zabala Deustuko Unibertsitateko irakaslearen parte hartzearekin, eta, 'Euro digitala eta wallet europarra: erronkak eta aukerak' izenburupean, eraldaketa digitalak ordainketak, identifikazio digitala eta administrazio eta enpresekiko harremanak nola alda ditzakeen aztertu dute.

Bankoa ABANCAk, CaixaBankek, Ekonomisten Euskal Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak, Kutxabankek, Laboral Kutxak eta Rural Kutxak elkarlanean antolatutako finantza arloko topaketa zikloa da Etekin.

Bada, Jaurlaritzatik azaldu dutenez, eguneroko bizitzan gero eta presentzia handiagoa dute ordainketa eta identifikazio digitalek, eta, testuinguru horretan, euro digitalaren eta wallet digitalen garapenak aukera berriak irekitzen ditu, baina baita pribatutasunari, segurtasunari, konfiantzari eta arrakala digitalari lotutako galderak ere. Gai horiek izan dira hirugarren topaketaren ardatza Bilboko BAT Dorrean egindako saioan.

Topaketan zehar, hiru hizlariak eraldaketa digital beraren barruan kokatzen diren hiru tresna ezberdinei buruz aritu dute: Euro digitalak ordainketa publiko digitalerako aukera planteatzen du, Europako Wallet Digitalak nortasuna, tituluak, ziurtagiriak eta bestelako kredentzial digitalak kudeatzeko aukera emango du, eta NIK Patrika Digitalak Euskadin identifikazio digitala, administrazioekiko izapideak eta zenbait zerbitzu digitaletarako sarbidea eskaintzen ditu.

EJIEko Xabier Arrietak NIKen esperientziatik abiatuta azaldu du tresna horien erabilgarritasuna eguneroko bizitzan dagoela. Osasun edo kirol txartela eta beste zerbitzu batzuk sakelako telefonoan izateko aukeraz gain, identitate digitala zerbitzu ezberdinekin lotzeak administrazioarekiko harremanak sinplifikatzeko aukera emango duela nabarmendu du.

Bere hitzetan, etorkizuneko erronka nagusietako bat wallet digitalen benetako erabilera izango da: "Botikak hartzea, kiroldegiko tornutik pasatzea, zaborrontzia irekitzea... Hori jada martxan da eta gizarteak erabiltzen du egunero. Identitate digital trinkoa mugikorrean lotzerakoan, kotxe bat alokatu ahal izango genuke gidabaimen digitala partekatuta, edo Unibertsitateko titulu digitalarekin izena eman lan eskaintza batean besteak beste".

Bestalde, Oskar Guadillak ikuspegi teknologikoari, segurtasunari eta elkarreragingarritasunari buruz hitz egin du: "Jendeak ikusi ahalko du zein datu eta norekin partekatu dituen. Eta partekatutakoa ezabatzeko aukera ere izango du. Ezer ez da automatikoa izango, norberak onartu beharko du bere datuen partekatzea".

Guadillak azaldu duenez, NIKen erabiltzen diren 'verifiable credentials' bezalako teknologiak dagoeneko prest daude, eta Europako erronka nagusietako bat herrialde eta administrazio ezberdinen artean estandar eta konfiantza-esparru bateratuak garatzea izango da.

DIMENTSIO SOZIALA ETA AKADEMIKOA

Alaitz Zabalak, bere aldetik, eraldaketaren dimentsio soziala eta akademikoa nabarmendu du. Bere ustez, ez gaude dokumentuen eta ordainbideen digitalizazio soil baten aurrean, baizik eta gure identitatea eta erakunde eta enpresekiko harremanak ulertzeko moduaren aldaketa baten aurrean.

Horregatik, pribatutasuna eta datuen gaineko kontrola funtsezkoak izango direla defendatu du Deustuko Unibertsitateko irakasleak, baina baita tresna digital horiek erabiltzeko zailtasunak dituzten pertsonak baztertu ez daitezen neurriak hartzea ere.

Hizlariek bat egin dute esatean konfiantza, pribatutasuna eta segurtasuna teknologia horien hedapenerako funtsezko elementuak direla. Aldi berean, digitalizazioak arrakala digitala sakontzeko arriskua ere badakarrela azpimarratu dute, eta zerbitzu digitalak ez liratekeela identifikaziorako bide bakarra izan behar.

Solasaldiak mahai inguru formatua izan du, gaia ikuspegi ezberdinetatik sustatzeko helburuarekin, eta gidaria Joseba Olagarai kazetaria izan da. Amaieran, mokadutxo informal batean, parte hartzaileen arteko iritzi trukea izan da.

Contador

Contenido patrocinado