112 telefonoak 987.500 dei jaso eta 189.500 gertakari erantzun zituen 2015ean EAEn

112 Telefonoaren 2015Ko Datuak Eman Dituzte
IREKIA
Actualizado: jueves, 11 febrero 2016 13:55

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Segurtasun Sailaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzara atxikita dagoen 112 larrialdietarako telefono zerbitzuak 987.553 dei jaso eta 189.599 gertakari erantzun zituen 2015ean, hau da, 2014koen antzeko zifrak, orduan 1.014.449 dei eta 176.996 gertakari izan baitziren.

   Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak eta Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak ostegun honetan jakinarazi dituzte datuak Bilbon, Euskadiko Gurutze Gorriko presidente Iñaki Irustak larrialdien munduan egindako ibilbidea eta lana omentzeko egindako ekitaldi batean eta 112 Larrialdietarako Telefonoaren Europako Egunean.

   Horrela, aurreko urteetan bezala, erantzundako gertakari gehienak larrialdi medikoekin izan zuten lotura (%22,78), eta jarraian, bide publikoko arriskuak hautematearekin (%20,63), pertsonek izandako istripuekin (%14,58), herritarren segurtasunarekin (%13,20) eta trafiko istripuekin (%11,32).

   Lurraldeka, Bizkaian 93.762 gertakari erregistratu ziren (2014an 86.212), Gipuzkoan 63.516 (2014an 62.044), eta Araban 32.321 (2014an 28.740). Erantzundako deiei dagokienez, Bizkaian 551.114 dei egin ziren (2014an 548.794), Gipuzkoan 296.196 (2014an 320.377) eta Araban 140.243 (2014an 145.278).

   Larrialdietako deiak eta gertakariak artatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen diren SOS Deiak Koordinazio Zentroen lana nabarmendu du Beltran de Herediak. "Euskal Larrialdi Sistema Publikoaren barruan funtsezko elementua da 112 larrialdi telefonoa, eta hori agerian geratzen da egunero arrisku, segurtasunik eza eta larrialdi egoeretan jazotako gertakari ugarietan", esan du.

EUROPAKO EGUNA

   112 Larrialdietarako Telefonoaren Europako Eguna da otsailaren 11n, eta helburu nagusia da herritar guztiei gogoraraztea 112 telefono zenbakia estatu kide guztietan erabil daitekeela eta kabina batetik zein telefono finko edo mugikor batetik markatu daitekeela.

   Aurten, Erasmus ikasketak Europan egiten dituzten ikasleengan eta, bereziki, Euskadin egiten dituztenengan jarri da arreta. Asmoa da haiek ondo jakitea larrialdi bat izanez gero hemen ere 112 zerbitzua erabil dezaketela.

   Euskadin 1998an jarri zen martxan 112 telefono zenbakia, 1983an ezarritako 088 zenbakia ordezkatzeko. Era horretan, larrialdietarako telefono zenbaki komun bat ezartzeko Europako erabakia bete zen.

IÑAKI IRUSTA

   Bestalde, ekitaldi berean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak publikoki omendu du Euskadiko Gurutze Gorriko presidente Iñaki Irustak larrialdien munduan egindako ibilbidea eta lana. Irusta Bilbon jaio zen, 1931n, eta 1999tik da Euskadiko Gurutze Gorriko presidentea. Bere ibilbide profesional luzean, hainbat ardura bete ditu Bilboko Erakustazokan eta Bilboko Merkataritza Ganberan.

   Irustaren gidaritzapean, Euskadiko Gurutze Gorriak antolaketa prozedura eta irizpideak eta larrialdiei berehala erantzuteko lantaldeak bateratzea lortu du, "harik eta gaur egun ezagutzen dugun erakunde autonomoa eta Estatuko erreferentzia bihurtu arte".

   Izan ere, Euskadiko Gurutze Gorriak herritarrentzako gertuko arretaren kontzeptua ezarri eta erakundearen helburu nagusia bete du, hau da, "pertsonengandik gero eta hurbilago" egotea, arreta berezia eskainiz talde ahulenei, langabeziak jotakoei eta gaurdaino %35 laneratze ratioa lortuz.

   Gaur egun, 11.000tik gora boluntarioz osatutako kolektibo baten presidentea da Irusta. "Guztiek aho batez aitortzen dute Gurutze Gorria XXI. mendeko larrialdi sistemen erronkekin bateratzeko zerbitzu hori eraberritzen izan duen eragin itzela", adierazi dute omenaldian.

   "Iñakik, lanez eta jarraikitasunez dena lortu daitekeela ez ezik, larrialdien mundu zail eta aldi berean gogobetegarrian jarraitu beharreko bidea ere erakutsi digu, bere aitzindari ikuspegiari esker", adierazi du Segurtasun sailburuak.